Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Elkartasuna

Elkartasunagatik, aste eta asteburu aritu dira lanean arlo zehatzetanaritzen diren hainbat eta hainbat profesional

Larunbateroko hitzordua. Asteko erosketak egin eta kafea edan eta pintxoa jan bitartean, azken zazpi egunetako eta aurreko astean despistatutako kontuei errepasoa. Tankera hori hartu nien. Aspaldian ezin, eta asko zuten elkarri esateko, asko gordea. Ondoan eseri eta lekua hartzerako astearen errepaso arinena egina zuten eta barne hustuketan ari ziren bi emakumeak. Konfiantzan, soilik horrela esan daitezkeelako elkarri esandakoak, nazkatuak zeudela bilobak gora eta behera ibiltzeaz, batera eta bestera eramateaz; gurasoek ezin dutela eurak gabe moldatu eta ulertzen dituztela, umeak maite dituztela bai, baina... Maitasunak badu muga; elkartasunak ere bai, noski.

Gure kabuz aritzea eta nork bere babak heltzetik ateratzen jakitea dira cool orain, nahiz eta sarri nostalgiak edo nekeak pasa ziren eta itzuliko ez diren garaietako ontasun eta elkartasun keinuak desiraz aipatzen ditugun. Erabat gauzatu ezin den eta gaizki ulertutako autonomia horrek kontraesan ugari sortzen dizkigu; izan ere, taldeak babesten gaitu; lotu, bai, baina, aldi berean, zama guztia bizkarrean hartzeak suposatzen duen pisuaz askatu. Behar gaitu eta behar dugu.

Aurten sarri aritu gara elkartasunaz, zer erremedio. Elkartasunagatik edota beste inola moldatzerik ez zuelako, eraman dizkiogu erosketak etxetik atera ezin zuen horri; elkartasunagatik lagundu gaituzte, lanean aritu behar eta haurrak zaindu ezin izan ditugunoi; elkartasunagatik, aste eta asteburu aritu dira lanean arlo zehatzetan aritzen diren hainbat eta hainbat profesional.

Elkartasunaren inguruan asko teorizatu da, soziologia, filosofia eta psikologiatik, adibidez. Guk teorizatu baino praktikatu egin dugu eta, agian, nahi baino gehiagotan aurten. Bai, elkartasunak on egiten gaitu, on egiten digu, eta taldean, albokoengan pentsatu gabe bide egiten duten horiengandik bereizi. Beharrezkoa izan da beti, baina orain gauza gehitxo eskatzen zaizkigu elkartasunaren izenean eta ia aukerarik gabe. Elkartasunak izan behar du borondatetik, gainontzean tasun hori gal dezakeelako eta, bestetik gabe, obligazio bihurtu.

Recherche