Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Gertukoak

Ezagutu nahiko nituzke, noski, munduan barrena sustraituta dauden ohituretako asko, ibilalditxo bat egin nahiko nuke beste herrialde batzuetako hiri eta herri askotako kaleetan zehar, ikusi nahiko nuke ia zer produktu exotiko saltzen duten bisitatutako tokietako merkatuetan eta zeintzuk diren bertako biztanleek komunikatzeko dituzten joerak eta loa kentzen dieten arazo nagusiak. Uste dut urrunetik iristen zaizkigun kontuak hobeto ulertzeko eta testuinguruan jartzeko lagungarria dela haien kaleetako usaina behin bada ere hartzea, baina ez dut ezagutu nahiko nituzkeen txoko guztiak bisitatzeko denborarik, eta dirurik ere ez.

Etxeko txikienentzat herritik ateratzea bera da oso pixkanaka zabaltzen ari zaien mundua ezagutzea; gertutasunaren eta urruntasunaren pertzepzio desberdinarekin, lo kuluxka egiteko adina denbora irauten duen bidaia nahikoa da beraientzat leku berriak ezagutzen hasteko, begirada zabaltzeko eta ondokoei zabalarazteko. Ez, azken opor egunetan, ez dut jateko exotikorik ezagutu, baina lehenbizikoz jan ditut zainzuri freskoak neronek zuritu eta egosita, eta ikusi dut estreinakoz nire begiez nola jasotzen duten haien uzta egunsentian; euria egin digu eta kexatu gara, baina ohartu gara aurtengo neguan ez duela behar beste euri egin, etxetik ez hain urrun ditugun urtegietan ez dagoelako nahikoa urik; urrun ez, baina denboran atzera eraman gaituen gaztelu ikusgarria bisitatu dut eta, kaleetan zehar elkarren artean nagusiki gaztelaniaz entzunagatik ere, lehen hitza euskaraz egitea komeni dela esan diot semeari, eta elkarrekin frogatu dugu, hala eginez gero, sorpresa politak har daitezkeela eta lotsarazten gaituzten egoera xelebreak saihestu daitezkeela ere bai.

Agian, etxetik gertu egiten den horrek ez du bidaia titulurik merezi, eta urrutira joan ez denaren kontsolamendua baino ez da; baina urrunetik iritsitakoak testuinguruan jartzeko giltza lehen eskuko ezagutza bada, gertu ditugun parajeak ikusi eta usaintzeari eman behar zaio balio bera, etxera dakarzkigun oroitzapenak urrutikoak ez izanagatik ere.

Recherche