Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Gezurraz

Gaur urte bete eztarrian korapiloarekin ikusi genituen Valentzian itotzen ari ziren herritarren irudiak eta modu berean entzun irratiz ematen zituzten testigantzak. Zaila egiten zen ulertzea une batetik bestera halako triskantzarik gerta zitekeenik ere. Nahi gabean jarri genuen gure burua halako egoera batean, zer egin ura orkatiletan sentitu aurretik ia lepoan edo buruz gain sentitzen badugu? Informazioa ezinegona baretzeko baliabidetzat dugu, bai herritik urrun ikusten ditugun gertaeretan zein plazaren bueltan gerta daitezkeenetan, baina, era berean, urdaila nahastua dugun egoera horietan errazagoa da bestela zalantzan jarriko genituzkeen mezuak irenstea. Une horietan apurka osatua dugun defentsarako estalki horri zirrikitu handiagoak egiten zaizkio eta hor topatzen dute pagotxa oihartzuna lortzeko soilik edota bestelako helburuekin desinformazioa eta gezurra baliatzen dutenek.

Ez da berria fenomenoa, lehendik ere ezagutu eta sufritutakoak gara eta pandemia garaian, gainera, oihartzuna hartu zuen egiazko informaziorik ez izateak, besteak beste, arriskuan jartzen gintuelako eta jada mardula zen ezinegona areagotzen zuelako. Azken denboran, deskribatzen eta izena jartzen bidea egin da, seguru asko, egundo kaltegarriak diren mezu horiek zabaldu eta gizentzeko erraztasun gehiago dagoelako orain. Noski, komunikazioaren eremutik aztertu da, baina psikologiaren alorretik ere ikertzen dute ulertzeko zergatik bilaka gaitezkeen hain zaurgarri desinformazioren zurrunbiloan.

Haien aurka aritzeko konpromisoa ez ezik, heziketa oinarrizkoa dela ere baieztatu dute gaiaren inguruan ikertu duten adituek, baina, horretaz gain, herritarrak nahasmenduan murgiltzen diren egoera horietan, zintzotasuna eta gardentasuna ere beharrezkoak dira, komunikabideen nahiz agintarien aldetik. Gezurraz barra-barra hitz egiten den egunotan, berriz ere, ia nahigabe jarri naiz senitartekoak eta, batez ere, patxada galdu duten pertsona haien azalean, baina ez nahiz gai zer-nolako amorrua eta haserrea senti dezaketen imajinatu ere egiteko.

Recherche