Hitz egin eta entzun
Uste dut gero eta aiseago hitz egiten dugula makalaldiez, tristurez edota poza itotzen duten mataza horiez eta horrek berak lagundu gaitzake eztarrian trabatuta geratzen diren korapilo lehor horiek xamurrago irensten. Entzuteko prest eta halabeharrez bere aholkua emateko beharra sentitzen ez duen pertsonak bilatzean dago sarri gakoa, edota zure tristurek bereziki tristatuko ez duten pertsonak topatzean, besteen eztarrian korapiloa jarri duzula ohartzea ere ez delako xamurra. Edonola ere, oraindik ere bada halako ezintasun bat makalaldia duzula aitortzeko eta, are gehiago, buru gaixotasun bat duzula esateko. Gaiaren inguruan sortua dagoen imajinarioa kentzea zaila da eta, zoritxarrez, datuek ez dute esperantzarako tarte handirik uzten. Agian, orain ez asko ikerketek aditzera eman duten moduan, horregatik erabiltzen da adimen artifiziala terapeuta gisa edo, akaso, baliabideen eskuragarritasunean dago gakoa, baliabide publikoak urriak direlako, eta gero eta itxaron zerrenda handiagoak dituzten kontsulta pribatuak ez daudelako guztien poltsikorako eginak.
Edonola ere, estigmari aurre egiteko komunikabideen funtzioa esanguratsua da; hala ohartarazi du behin baino gehiagotan Osasunaren Mundu Erakundeak bere oharretan. Sentsazionalismoa alboratzea izan zen lehen aholkua, buru osasunaren inguruko albisteak hainbatetan tratamendu ezkorrekoak eta arinak zirela ondorioztatu ostean. Horrekin ez da nahikoa, ordea; ez hotz eta ez bero, xehetasunak alboratu bai, baina sakontasunetan sartzen ez diren informazioak ere ez direlako eraginkorrak antza, ez dute-eta gizartean eztabaida pizteko gaitasunik erakutsi. Testuinguruan sakondu behar da, gaixotasun horiek zerk eragiten dituen ulertu, gizarte baldintzapenak kontuan hartu eta adituak diren iturriak baliatu; azken batean, ulermen konplexu eta aberatsago bat bultzatuko duen kontakizuna egitea da gomendioa. Horrela, agian, hitz egitea bera erraztuko luke, gaixotasun hauen gizarte irudikapena hobetu eta, ia seguru, entzumen prozesua aberastu.
