Ikerketa ugari daude gerra kazetaritzaren inguruan: edukien ingurukoak, lanean ari diren profesionalen baldintzen eta segurtasun neurrien gainekoak, emakumeek izan duten parte hartzea aztertu dutenak... Ia beti dago, kazetaritza ikasten ari direnen artean, begirada urrundu eta, bestela, isilpean geratuko liratekeen gertaera eta istorioak ezagutzearekin eta kontatzearekin amestu duen pertsonaren bat, guk ikasi genuenean ere baziren. Zorionez, bakar batzuek ez dute etsitzen helburu horretan eta, zailtasunak izanagatik ere, munduan barna gertatzen direnak kontatu dizkigute, kasu batzuetan osasuna eta bizia galtzeko arriskua hartuta.
Haien begiak dira gure begirada finkatzeko balio dutenak, eta gai batzuk agendan sartzeko aukera eskaintzen dutenak; interesik sortu ez duten eta itzalean egotera kondenatuta dauden gatazka asko daudelako, nork kontatutako, nork haiengan begirada jarriko. Hain da garrantzitsua kontakizuna, Israelek ez duela testigurik nahi; nazioarteko kazetariei ateak itxi dizkie eta bertan dauden profesionalak akabatzen ari da, informazioa bera ere arma delako. Azken batean, gertaera zehatzen kontakizunekin eraikitzen da handik kanpo daudenek izan dezaketen irudikapena eta, noski, erantzuna.
Azken boladan, komunikabideen kontakizunaren hartzaileengan ere pausatu dira ikerketak; izan ere, zein eragin sortzen dute gugan eguna joan eta eguna etorri jasotzen ditugun kontakizunek? Zein irudi eskaini behar da eta zein ez? Aspaldi ikasi genuen hautatzen diren irudiak eta hitzak gakoak direla kontakizunaren norabidea marrazteko, baina hartzailea pizteko ere balio dute. Protagonistei aurrez aurre begiratzen dieten eta, era berean, morbotik ihes egin eta istorioak testuinguruan kokatzeko ahalegina egiten duten kontakizunak dira, hainbat ikerketek jaso dutenez, ukitu eta epeltasunetik ihes eginarazten digutenak. Bai, gogorrak zaizkigu azken boladan ikusten ari garen irudi asko, gogorregiak ikusi nahi ez genituzkeenak, baina hor daude, eta elkartasunerako eta protestarako gar bilakatu daitezke, bilakatu behar ditugu.
