Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Imajinatu

Egin dezakeen guztia imajinatzeko gaitasunik ez daukat. Adimen artifizialak ziztuan egin du aurrera eta parean abiada berean jartzeko ahalmenik ez dugu, aldarazi dituen eremuetako bakar bat hautatzen ez badugu, behintzat, eta, halere, aski lan. Lilura handia sortzen didate adimen artifizialari esker sortutako berrikuntza askok, eta neurri bereko izua, bestetzuek.

Duela astebete irakurri dut adimen artifiziala baliatuta, bikoteak sor daitezkeela eta sortzen ari direla, beren nahi eta desiretara moldagarriak direnak eta, kasu batzuetan, menpeko hartu nahi horretan, indarkeria matxistaren biktima bilakatzen dituztenak. Jakina da, eta hainbat ikerketak baieztatu dute enpirikoki, adimen artifizialak generoan oinarritutako alborapenak dituela. Teknologia arloan aritzen diren emakumeen kopuru murritzagoak izan dezake horretan zeresana, baina, esaterako, adimen artifizial sortzaileak nondik edaten duen jakiteak ere eman dezake pista, errotuak dauden genero estereotipoak erreproduzitzeaz gain handitu ere egin baititzake. Hain justu, orain artean adimen artifizialak baliatuta sortutako edukiek, kasu askotan manipulazioan oinarrituek, eragin dute kezka handiena, alborapenak ez ezik, haien bidez indarkeria matxista digitala eragin zitekeelako, eta, zoritxarrez, adibideak badira. Albiste honek zentzu horretan zer pentsa eta kezka eragiten du bikoteak sortu eta erasotzeaz gain erabiltzaileetako batzuek eraso horiek zabaldu dituztelako eta jada indarra hartuta dabiltzan mezuak elikatzeko balio dezakeelako. Beraz, norbanako batzuek maila pribatuan dituzten jokabide batzuetatik haratago doa kontua.

Jakina da egokiera guztietan topatzen dituztela zirrikituak mezu batzuek eta indarkeria matxistak har ditzakeen formak askotarikoak direla; noski, adimen artifiziala ez da salbuespena. Horregatik, ziztu bizian bidea egiten ari den teknologia hau alboratzea ez da soluzioa, ez da aukera bat. Lilura eta beldurretik harago, zentzua eta kritika fintzera behartuak gaude, eta etorri zaiguna ez ezik, etor daitekeena, badaezpada ere, imajinatu eta aurreikustera.

Recherche