Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Inspirazioak

Ikastetxeetara joaten dira eta euren esperientzia eta bizipenen berri ematen diete ikasleei, haietako askorentzat eredu izan daitezkeelako, izan beharko luketelako. Zientzia eta teknologia alorretan lanean ari diren emakumeak ikasgeletara gerturatzen ari dira azken aldian, Inspira Steam programaren barnean. Eurengandik gertu bizi diren eta eremu horietan lanean ari diren profesionalak ezagutzea, alor horietako lanbideak bereiztea eta zientziaren historian ekarpenak egin dituzten emakume hainbaten ibilbide ezezagunen berri izatea dira helburuetako batzuk.

Datuak, izan ere, kezkatzeko modukoak dira. Berriki argitaratu da Steam arloetako ikasketa eta lanbide banaketaren txostena, Estatu espainolari dagokiona, eta, besteak beste, azaldu du lanbidea aukeratu baino askoz ere lehenago atzematen direla nesken eta mutilen artean aldeak; autopertzepzio eta konfiantza eremukoak dira horietako batzuk, izan ere. Esaterako, matematika ariketak egitean antsietate maila handiagoa erakusten dute neskatilek eta dituzten gaitasunen inguruko autokonfiantza urriagoa dute.

Honek eragina du, noski, ikasketa ibilbidean egiten diren aukeraketa gehienekin, nahiz eta zientzi eta teknologia alorren alde egiten duten emakumeek euren gelakide gizonek baino arrakasta tasa handiagoa lortu. Noski, lan merkatuan banaketa horrek isla du eta, aurrerapenak izan diren arren, jira eta buelta, eredu eta aukeraketaren gurpil zoroan katramilatuta segitzen dugu. Horregatik dira garrantzitsuak halako programak, aukera desberdintasunak agerian jartzeko balio duten txostenak eta eremua honetan egiten diren bestelako ekimenak.

Baina niri sortzen zaizkit beste galdera batzuk: Zer egin mutilek orain arte aukeratu ez dituzten ikasketetara gerturatu daitezen? Nola inspiratu tradizionalki emakumeekin lotu diren eta gizartearen biziraupenerako ere beharrezkoak diren lanbideetan euren burua ikus dezaten? Nola lortu gizartean ogibide horiei dagokien aitorpena ematea? Zergatik jarri behar da arazoaren fokua, berriz ere, neskatilek eta emakumeek egiten dituzten aukeretan?

Recherche