Bezperan «bihar ez, aurtengoan ez dit adarrik joko», pentsatuta oheratzen nintzen, baina ohetik jaiki eta lozorrotik atera aurretik egin ohi zidan aitak lehendabiziko txantxa umetan. Bueltan ziria sartzen saiatzen nintzen egun guztian zehar, baina nabarmenegi gehienetan. Egia esan, uste dut ez dudala inoiz brometarako gaitasun hori behar adina elikatu, umorea pertsonen dohaina eta azkartasunaren seinale dela pentsatu arren; ez dakit halakorik garatzerik dagoen ere. Horregatik, gerora, lagun taldeko bromazaleen gerizan igaro nituen gaurko egunez ospatzen den Inozente Egun asko, txantxaren mugei trazua hartu ezinik.
Akordatzen naiz, halaber, komeria ederrak izan nituela komunikabideek egindako bromak batu eta haiekin argitaratzeko testu bat egin nezan eskatu zidaten hartan. Bizitza bera nahikoa xelebrea, gertatu zirenak eta asmatutakoak bereiztea kostatu zitzaidan. Uste dut amorratzen gintuzten kontuei irribarrez begiratzeko ohitura handiagoa zegoela orduan, besteak beste, haiek hartzeko borondatea ere, agian, handiagoa zelako. Nago urteen poderioz apaldu dela ohitura eta ez dela gaur orduko ziririk sartzen, ez egunaren aitzakian eta seriotasuna alboratzeko modu gisa, urtean zehar nahikoa aldrebesak diren eta gaurko oihartzunik ez duten albiste edo sasi-albiste asko argitaratzen baita.
Ziria sartzeko gaitasuna izateak adinako protagonismoa dute gaurko egunez haiek umorez hartzeko gaitasuna dutenek eta ziria sartzeko adinako inozentzia mantentzeko gai izan direnek: inuxenteek, alegia; munduari haserre hutsetik harago begiratzeko gaitasuna galdu ez dutenak eta, zorte apur batekin, itsutasunean erori gabe, gainera. Bestelakoak dira niretzat inuzenteak. Ongi edo gaizki, nire inguruan behintzat, izaerarekin bai, baina besteekiko duten jarreragatik bereizten dira horiek eta ez bereziki gardentasunagatik eta zintzotasunagatik. Aurrekoa gutxietsi, umorea bere modura definitu eta nolako ondorioak izango dituen neurtu gabe ziria sartzen tematzen dena, izan ere, bada tamainako inuzentea. Baten bat etorri zaizue burura, ezta?
