Isiltasun traketsa
Heriotza bizitzeko eta sentitzeko moduak ugariak dira, kulturaren eta baita banakoen araberakoak ere. Orokorrean uste dut, ordea, ez zaigula heriotzaz hitz egitea gustatzen eta gertuko pertsona bat galdu duenarentzat nekez bilatzen ditugula kontsolagarriak diren hitzak; agian ez daudelako edota gertutasuna adierazteko bestelako keinuak hobeak direlako. Baina hustu nahi duenak ere ez du, sarri, tarte askorik topatzen gertuko pertsona baten heriotzak sortzen duen mina une batez, bederen, baretzeko, doluari hitzak jartzeko. Gizartean, heriotza bera ezkutatu egiten dugu, gure hizketaldietatik ahal dela aldendu; are nabarmenago haurrak inguruan direnean. Desatsegina zaigun gai horri iskin egiten diogu handik eta pare-parean jartzen zaigun arte eta, orduan, ia hutsetik hasi behar dugu, segun eta haurrak zein behar duen, aldi berean ulergarria eta lasaigarria behar duen azalpena eraikitzen.
Irakurri diet gaian aditu zenbaiti haurrek badutela heriotzaz kontzientzia hartzeko beharra, bizitza bera ulertzeko oinarrizkoa ere izan daitekeelako eta gertuago edo urrunago inguratzen dituen errealitatea dutelako. Eurei entzutea ere garrantzitsua omen da, sortzen zaizkien galderei erantzutea eta ematen dituzten azalpenak kontuan hartzea, ikastea.
Gertukoa eta maitea zuen pertsona galdu duen umeak aho zabalik eta ileak tenkatuta utzi gaitu eta gure ezintasuna utzi du agerian. Sufritzeaz gainera, laguntza jaso du eta hausnartu egin du, baliabideak jaso ditu aurrera egiteko. Halako prozesurik egin ez dugunok, hanka sartzeko beldurragatik, akaso, saiatu gara hil den pertsonaren izena ez aipatzen eta, entzun dugunean, behin baino gehiagotan segidarik ez diogu eman hizketaldiari, isildu egin gara. Haurrak ez du halakorik egin. Ez ditu haren izena eta izana ezabatu nahi, aipatu eta kontatu egiten du, ez duelako heriotzaren mina ahanzturarekin edota isiltasunarekin xamurtu nahi, beste estrategia batzuk landu ditu aurrera egiteko, eta gureen trakestasun erabatekoa nabarmen utzi du.
