Tamalez, orduz geroztik asko zabaldu da. Zorionez, Euskal Herrian tradizio luzea izan duten ohiturak berreskuratzeko eta berrasmatzeko ere balio izan du jai honek botatako hordagoak. Izan Halloween jaiaren eta hark zabaltzen dituen baloreen aurreko erreakzio gisa edo tradiziotik eratorritako erreferentzia berriak sortzeko ahalegin moduan, asko dira, izan ere, Gau Beltza edota Arimen Gaua ospatzen hasi diren herri eta auzoak. Badira, ordea, besterik gabe, izen aldaketa hutsarekin konformatutakoak. Eta hala, mozorroa jantzita haurrak pozik, kontraesanetan katramilatuago helduak, barrenak lasaitze aldera tradiziorik ez duen ohitura eta gurean aspaldian ospatzen zenaren artean loturak sortu ezinda.
Baina eztarrian beste korapilo batzuk ere sortzen ditu jai honek, heriotza bera elementu garrantzitsua delako eta helduok zailtasun eta ezin handiak ditugulako haren inguruan, haurrekin zintzo hitz egiteko. Orain gutxi ez naiz atrebitu gertukoen senidea hil eta beilatokira nindoala kontatzen, heriotzaren inguruko galderak saihesteko edo, bederen, apur bat atzeratzeko.
Haurrak babesteko aitzakiaz gaia alboratuta ere, heriotzaren aurrean sortzen zaizkien galderei erantzuteko dugun baliabide ezaren erakusgarri nabarmena da.
Beharbada, egun bakarraren bueltan helburu gehiegi pilatzea litzateke, baina jaia bera aitzakia ona izan daiteke heriotzaren eta haren inguruan sortua dugun tabuaz hitz egiteko, eta etxetik hasi eta kolektiboki lanketa egoki bat egiteko.
