Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Kexua

Duzun arazoaren benetako tamainaz ohartu eta hura erlatibizatzeko ariketak patxada eskatzen du eta, hori lortzeko, aurretik huste ariketa hori lagungarria da

Gogaituta sumatu nuen telefonoz bestaldera lehen hitzetik, baita agurtzeko moduan ere eta ez zeukan disimuluan aritzeko gogorik. Gabonetarako zituen plan guztiak bat-batean zapuztu zitzaizkiola kontatu zidan, gorputz eta buruak, biak, nekatuak zituela eta egoerari aurre egiteko adina indarrik ez zuela jada; ohartu zela aspaldi honetan ezinezkoa dela planik egitea eta haiek gabe ilusioa sortzea gero eta zailagoa zaiola. Kexua zeukan eta hura arindu nahian zebilen. Ez zuen hitzik behar apenas, entzungo zuen belarri parea baizik. Saiakeraren bat egina zuen aurretik antza, baina lasaitu zedin, barruan sortutako arnegari garrantzia kendu eta bera baino askoz ere egoera okerragoan dauden pertsonak badirela esan zion bateren batek eta horrek are eta gogaituago utzia zuen.

Uste dut formula hori baztertu beharko genukeela, ez dut uste esaldi horrek inoiz inor lasaitzeko balio izan duenik, ez behintzat, une horretan haserrea edo tristura borborka dituen inor. Duzun arazoaren benetako tamainaz ohartu eta hura erlatibizatzeko ariketak patxada eskatzen du eta, hori lortzeko, aurretik huste ariketa hori lagungarria da. Gainerakoan, ahoa itxi eta barruan dituzunak egosten jarrai dezaten baino ez da lortzen sarritan. Gogoan daukat egoera emozional gogorra zuen lagun batekin behin gertatutakoa. Gerturatu nintzaion eta eskuarekin egin zidan isiltzeko keinua. Ezerk ezin zuen une horretan sosegatu eta zer esan jakin ez eta isilik geratzeko beldurrez esandako nahikoa hitz huts entzunak zituen.

Buru osasunaz asko ari gara mintzatzen azken denboran. Arlo horretan ari diren profesionalen lanaren garrantzia uste dut inoiz baino gehiago goraipatu dugula; gero hura jasotzeko zailtasunak eta ezintasunak dauden arren. Baina batak ez du bestea kentzen; gertukoak eta gerturatzen zaizkigunak entzun beharko genituzke, haien zapatak jantzi eta behar duenari belarri parea eskaini. Kexu eta protesta handiak txikien baturatik sortzen direlako eta hitz eginda eta, batez ere, entzunda gorpuztu, mamitu eta bideratzen direlako.

Recherche