Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Musuak eta bihotzak

Sentimendu baikorrak gailendu dira, behintzat pantaila bidezko komunikazioan

«Zer behar duzu?». Aurrez aurreko komunikazioa askotan traketsa bada, zer esan pantailetan sortzen den horren inguruan. Segun eta indarra non jartzen dugun, esaldi bakar batek oso esanahi desberdinak har ditzake.

Laguntza eskain dezake edo “nazka-nazka eginda naukazu” zeharbiderik gabe, zuzenean adierazi. Idazten duenak zentzu batekin egin dezake eta hartzen duenak oso beste batekin ulertu, tonuak ez ezik, testuinguruak edota norbere gogoak ere esanahiak sortzen dituztelako.

Horregatik erabiltzen ditugu hain sarri emotikonoak, hitzak janzteko, indartzeko, kokatzeko eta zehazteko; idatzizkoari ezagutzen ez zaion zirrara hori eransteko edo, zergatik ez, gezurra esateko, itxura egiteko.

Ordenagailuko teklatuan dauden karaktereak konbinatuta sortzen ziren horiek izan zituzten aurrekari, baina segituan hasi ziren aplikazio informatikoak ikonoak sortzen eta gu haiek erabiltzen eta zabaltzen: aurpegiak, janariak, ibilgailuak, ekintzak... Aukera handitu eta sentitzen dugun hori are eta zehatzago adierazteko baliabideak topatu ditugu ikonoetan eta gero eta gehiago gif-etan ere.

Gehien erabiltzen diren ikurrak aztertuz gero, mundua gozotan bizi dela pentsa genezake, ranking horretan barreak, musuak eta bihotzak agertzen direlako lehen lekuetan, zoriontasun eta maitasunaren keinuak.

Azken urte honetan izan da aldaketatik, noski, eta musukodun aurpegiak edota botaka ari direnenak sarriago bidali ditugu, baita tristura eta haserrea adierazteko erabiltzen direnak ere. Hala ere, sentimendu baikorrak gailendu dira, behintzat pantaila bidezko komunikazioan.

​Horiei esker egiten dugu negar barrezka, aurpegiarekin imintzio hori egiteko inolako motiborik ez dugun egunetan ere, edo jakin dugu zalantza dugunean zein aurpegiera den egokiena hori adierazteko.

Musuak binaka eta launaka ematen ditugu eta parez pare ez bezala ikasi dugu maitasuna adierazten; baina, ez dakit, irudizko musuak eta bihotz gorriak inor musukatua edota maitatua sentitzeko balio duten, edota erabiltzearen erabiltzeaz zentzua erabat galdu eta adornu baino ez diren.

Recherche