Oraindik ere opor lekuan egonagatik, iraileko martxa hasterako antolatu eta prestatu beharrekoak buruan bueltaka hasi zaizkit. Astebete barru etxean, oporretatik ekarritakoak atontzen eta armairuaren izkina batean pilatzen arituko naiz, errutina berrian sartzeko behar ditudanei lekua utzi nahian. Bai, onartu behar dut, uda amaitzerako egunerokoan ordena jartzeko premia sentitzen dut eta, zergatik ez, etxeko gainerakoak ere beste martxa batean, bakoitza berean, hasteko beharra. Ordura arte, ordea, gero eta gehiago etxeko sentiarazten nauen herria, herritarrak eta inguruak ahalik eta nireago sentitzeko ariketan edo, behinik behin, ulertu eta errespetatzeko ahaleginean jarraituko dut.
Turismoak datu oparoak utzi ditu uda honetan. Ateratzeko eta han eta hemengo bazterrak ezagutzeko gogoz ginen antza, eta aukera galdu gabe mugitu gara batetik bestera. Ekonomikoki eta, zergatik ez, kulturalki ere emankorra izan badaiteke ere, turismoak baditu hain ederrak ez diren aurpegiak eta askok zerikusia dute egun bakar batzuetan bisitatuko dugun eremuarekiko sentitzeko gai garen begirunearekin eta etxera bueltan utzi dugun arrastoarekin. Total, astebete izango denez, muga asko jarri gabe pizten dugu aire girotua, ura etxean baino erreparo gutxiagorekin erabiltzen dugu eta behar baino hondakin gehiago sortu eta behar baino gutxiago birziklatzen dugu; begiratu bestela kanpin atarietan jartzen dituzten zaborrontzietan sortzen den anabasa.
Beste kontu bat, bisitatzen dugun eremuan dauden pentsakizunak eta ohiturak epaitzeko dugun joera da. Orduan eta bidaia luzeagoa izan, uste dut begirune handiagoz aritzen garela, baina nola da posible distantziaz gertu ditugun lekuetan hain desberdin pentsatzea, lehentasun hain desberdinak izatea edota adibidez jaia hain diferente ulertzea? Joaten zaren tokira joanda ere, ikusten duzuna egiteko dio esaerak. Agian gehitxo izan daiteke, baina bisitatzen duzun lekua ezagutzeko eta errespetatzeko ahalegina, gutxienez, egin beharko genuke, eskaintzen dizkiguten bizitzen eta oroimenen ordainetan bestetik ez bada.
