Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Zaintza eta borondatea 

Gurasoak, ikastetxeetako arduradunak eta osasun zentroetako langileak parez pare ari dira, elkarri mokoka sarritan, hainbat pieza falta dituen puzzlea osatu ezinda

Semearen gelan lagun batek positibo eman du, etxeratu egin dute, baina amak, irakaslea ogibidez, lanera joan behar du derrigor. Jarraibideak azaltzeko deitu dion langileari azaldu dio egoera traketsa dela, bera ere haur txikiekin ari baita lanean. Alfer-alferrik, eskuartean duen protokoloa hartu eta, ahal den neurrian, jende artean ibiltzea saihestu behar duela esan dio telefonoz beste aldera akituta ari den langileak; baina lanera joan behar du eta sei orduz musukorik gabe dauden dozena bat umez inguratuta lan egin, baina ondoeza sentitzen hasi denean ere. Emaitza: semeak positibo eman du, berak ere bai, eta bere ikasleak konfinatu egin dituzte. Katea luzatu da, jada ikasle horien gurasoak dira txikien zaintza, lanera joateko derrigortasuna eta beste inor ez kutsatzeko hartu behar dituzten neurriekin malabarrak egin behar dituztenak. Eta zergatik ez aitortu, arauei zirrikituak bilatzen ere aritu beharko dutenak, zaintza sarea murriztuta, ezinezkoa delako gomendioei behar bezala jarraitzea.

Hala, ia ito beharrean iritsi gara etxe askotan gabonetako oporretara eta datuei begira aurreikus daiteke urtarrileko panorama ez dela hobea izango. Egoera honen kudeaketa ezin da etxe bakoitzean, nola edo hala, sortutako estrategietan sostengatu, familia bakoitzaren errealitateak eta lantegietan eskaintzen zaizkien baliabideak oso desberdinak direlako eta, ia beti, lankideen borondatearen baitakoak.

Gurasoak, ikastetxeetako arduradunak eta osasun zentroetako langileak parez pare ari dira, elkarri mokoka sarritan, hainbat pieza falta dituen puzzlea osatu ezinda. Beste behin zaintza lanei ez zaie behar duten garrantzia eta gizartearen eta norbanakoen ongizatean duten zentraltasuna aitortu. Hau bada, ordea, ezinbestean gainera, kontziliazioaz, erantzunkidetasunaz, zaintzaz, lehentasunez eta ardurez hitz egiteko garaia. Borondatezkoak ez diren neurriak ezin dira-eta inguruko eta gertukoen borondate eta eskuzabaltasunean oinarritutako baliabideetan sostengatu.

Recherche