Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Zer eta nork kontatua

Lehertu den azken gatazka honetan ere badira lehen lerroan borrokatzen diren emakumeak, baina berezitasun gisara ez bada, ez ditugu apenas ikusi, ez eta aldeen arteko negoziazioetan edo ordezkari modura ere.

Aitonak bazuen zer kontatua eta bizitzaren azken urteetan, batez ere, gerrako kontuei bueltaka eman zituen egun eta gauak, gaztetan bizitako gertaeretan katramilatuta. Amonak ez zuen inor zirraratzeko moduko istoriorik zuenik inoiz pentsatu eta ia nahi gabe aipatzen zituen pasadizoei tiraka ezagutu genuen 36ko altxamenduaren ondotik, beste hainbat mila emakumek bezala, bizi behar izan zuen trantzea. Azken denboran egin diren saialdiek argia eman badiote ere, Historia liburuetan ez da jaso haien borroka, eta gogor aritu behar izan zuten: batzuek guda eremuan bertan, gizonen alboan, harik eta etxeratzeko agindua jaso zuten arte; beste batzuk gudu-zelaien atzeko aldeko lanak egiten aritu ziren eta ia denei tokatu zitzaien etxeak eta etxekoak defendatzea edota beste erremediorik ikusi ez zutenean hura utzi eta ihes egitea. 



Egunotan, gerraren inguruko irudiak etengabe eta nonahi ari gara ikusten eta ezinbestean akordatzen ari naiz, ia isilpean eta gizonen kontakizunen itzaletan, gerraren krudelak kontatu behar izan zituzten emakumeez eta, noski, telebistan agertzen ez diren eta guda euren gorputzetan, literalki, bizi duten emakumeez. Ihesi, negarrez edota begirada galduta asko, bat-batean galdu dutena onartu ezinda eta inolako segurtasunik ematen ez dien bidearen itxaropenari eutsi nahian agertu dira telebistan. Noski, lehertu den azken gatazka honetan ere badira lehen lerroan borrokatzen diren emakumeak, baina berezitasun gisara ez bada, ez ditugu apenas ikusi, ez eta aldeen arteko negoziazioetan edo ordezkari modura ere.



Ari dira, sarea ere gudu-zelai delako, baina ikusi ez ditugu ikusten gizonak adina eta, beharbada, haien ikuspuntua lagungarri litzateke egoerak hobera egiteko. Gerrak badu sinplifikaziorako joera; bereizi egiten du, bateko edo besteko  egiteko beharra duzulako, baina desberdinak direnak batu egiten ditu, haien inguruko irudian eta diskurtsoan besteak beste, eta batze horretan emakumeak biktimak eta, kasu askotan, bigarren mailako gisa agertzen ditu, besteen ekintzen eta diskurtsoaren menpeko.

Recherche