Gazte asko azken hilabeteetan egin ezin izan duten hori egiten ari omen dira, elkartzen, jaia egiten, neurriarekin batzuk, neurri gutxiagorekin beste batzuk; baina, berriz ere kritika guztien fokuan jartzen ari garen horietako batzuk euren etorkizuna, akademikoa behintzat, erabakitzen ere ari dira egunotan. Orain hiru aste unibertsitatean sartzeko probak egin zituzten eta haien emaitzak jasota, azken erabakia hartu beharko dute; izan ere, lehen baheketa handia egina dute jada. Gustukoa, etorkizuna duena, bokaziozkoa, erraza... Inguruak, familiak, ikastetxeak, lagunarteak... zein ikasketa egin erabakitzeko orduan eraginak ugariak dira eta, aldi berean, bultzada ematen duten horiek ere handik eta hemendik edandakoarekin aritzen dira gidaritza lanean. Jositako sarea hain da zabala, apenas ikusten dugun euriak bezala bustitzen gaituela, oharkabean, eta, azkenean, guk egindako hautu gisara barneratzen ditugula neurri handi batean emanak datozen erabakiak.
Zergatik kazetari? Zergatik mediku? Zergatik mekaniko? Galdetu izan didate eta, uste dut, aldiro aldatzen dudala erantzuna. Bai, ez zen azken orduan presaka hartutako erabakia izan, argi neukan, baina ez dakit ondo zergatik. Bokazioaz hitz egitea gustatuko litzaidake, barrutik sortutako bultzadan geldiezin eta ia magikoaz, baina ez nago ziur. Datuei erreparatuta, oraindik ere desberdintasun nabarmenak dira neska-mutilen hautuetan, bai, behintzat, ikasketa arlo batzuetan. Emakumeak gehiengo dira osasunari lotutako ikasketetan eta gutxiengoa informatikan; mutilak gehiengo dira ingeniaritzetan, baina ez dute euren burua erizain gisa irudikatzen. Zorionez, gero eta gehiago dira aurreiritziak gainditzeko ahaleginetan ari direnak, baina datuek oraindik ere zer pentsa ematen dute, besteak beste, ikasketa aukeraketan askatasunez aritzea erakundeek ere bermatu beharko luketelako eta bereizketok talentu asko ezkuta ditzaketelako.
Zergatik kazetari? Zergatik mediku? Zergatik mekaniko?
Jositako sarea hain da zabala, apenas ikusten dugun euriak bezala bustitzen gaituela, eta, azkenean, guk egindako hautu gisara barneratzen ditugula neurri handi batean emanak datozen erabakiak.
