Erokeria da”, “agian, ez da momentua” “ziur zaude?”... halakoak entzunda gerturatu nintzen orain hiru urte eta erdi tesia inskribatzera leihatilara. Bertan zegoen langileak ere zeharka begiratu zidan jada aurreratua zegoen haurdunaldiaren seinale zen tripa biribilera. Denbora pasata, eroaldi batek bultzatu ninduela pentsatu dut nik ere, baina bejondeiela noizean behin ditugun bulkadei! Agian, aldekoak eta kontrakoak aztertzen hasiz gero eta ondokoen hitz eta iritziei jaramon eginez gero, ez ziren egin diren gauza asko egingo eta gerora kudeatzen zailak diren “banu” eta “banintz” horietako gehiago izango lirateke. Belgikako unibertsitate batean egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen doktoregoa egiten ari diren pertsonek sei aldiz arrisku handiagoa dutela antsietatea eta depresioa garatzeko. Arriskua handiagoa da, ordea, emakumeen artean eta are eta handiagoa familia eta lana uztartu behar dituztenen artean. Ikertzaile batzuk emakume zientzialarien identitateen arteko gatazkaz mintzatu dira aurretik ere; hau da, emakume gisa eta honek gaur-gaurkoz dakartzan eskakizun eta betebehar guztien eta nagusiki gizonena izan den eremuan ikertzaile gisa duten estatusaren artean sortzen denaz. Gatazka honek eta eragiten duen ezinegonak eta gainkargak ibilbide akademikoa uztera behartzen ditu profesional asko, ez batera ez bestera ondo iristen ez diren sentsazioak akituta. Zirimiriaren pare, neurtu eta ondo pentsatu gabekoak asko, gizarte honetan oraindik ere nagusi diren baloreen erakusgarri, forma, kolore eta pisu guztietako mezuak jasotzen dituzte lana eta zaintza uztartu eta are gehiago tartean-tartean intentsitate handiko lan sasoiak dituztelako ukoak egin behar dituzten pertsonek; emakumeek batez ere. Anbizioak, izan akademikoak, profesionalak edota kirol eremukoak, emakumeei lotuta kutsu negatiboa hartzen du eta horrek ibilbide asko oztopatzen ditu. Zorionez, eta bejondeiela haiei ere, badira solasaldirako gero eta eremu gehiago, halakoak eta bestelakoak azaleratu eta ezinegonak kolektiboan arintzeko eremuak.