Maria  del Rio
Maria del Rio

Bizitzaren garestitzearen aurrean

Aspaldi erosketa saskiaren igoeraren inguruan hitz egitea ohitura bihurtu dela esango nuke, bereziki elikagai zehatz batzuen kasuan; olioa, esaterako. Izan ere, bizitzaren garestitzea eta gero eta ziurgabetasun handiagoa izatea jendearen kezka nagusi bihurtu dira. Guztiok ikusten eta pairatzen ari gara elikagaien eta energiaren prezioaren igoera, baita etxebizitzaren egoera kezkagarria ere. Badakigu, adibidez, gazteek gero eta zailtasun handiagoak dituztela emantzipatzeko, eta nahi baino gehiago jarraitzen dute euren gurasoen etxean. Argi dago erosteko ahalmena galdu dela soldatetan eta pentsioetan, eta prestazioetan ere bai. Horrela, egun, enplegu askok ez dute bermatzen bizitza duina izateko adina diru sarrera. Egoera horrek, praktikan, nahi diren bizi proiektuak garatzeko ezintasuna dakar. Gainera, gero eta zailagoa da, batzuetan ezinezkoa, ustekabeko egoerei aurre egitea. Hau da, egunez egun bizi behar dugu, etorkizunerako aurreikusi ezinik. Nolanahi ere, agerikoa da egoera honek ez digula denoi berdin eragiten. Gutxi batzuk lasai bizi diren bitartean, prekarizazio eta pobretze prozesuetan sakontze prozesua ematen da. Finean, bizitzaren garestitzeak badu klasea eta badu generoa.

Edozelan ere, komeni da gogoratzea bizitzaren garestitzea ez dela ustekabeko fenomenoa. Bere kausak eta arduradunak ditu, hortaz, egoerari aurre egitea posible da, gauzak beste modu batera eginez. Politika publikoen kasuan bereziki: fiskalitatea, etxebizitza, enplegu politikak, pentsioak... Baina, gogoratu behar da bizi baldintza duinak izateko eta erosahalmena ziurtatzeko, zerbitzu publikoetarako sarbidea eta prestazioak jasotzeko eskubidea bermatua izatea erabakigarria dela. Ukaezina da Osakidetzaren ahulezia eta gainbehera. Horrez gain, ezin dugu, inola ere ez, gutxietsi zaintzaren garrantzia. Zaintza sistema osasuntsu baten ezean, familiak eta merkatuek hartzen dute tokia, eta ardura bereganatzeak ondorio ekonomiko, politiko eta sozialak ditu, besteak beste, emakumeen bizitzetan.

Recherche