Maria  del Rio
Maria del Rio

Ajea

Hau idatzi bitartean, oraindik bulegoko leihotik Bilboko Aste Nagusiaren aztarnak ikusten dira: txosnen azken egitura biluziak, ahaztutako behin behineko komun publikoak, eta, batez ere, oraindik ere nabaritzen zaigu aste bizi, dibertigarri, parte-hartzaile eta aldarrikatzaile baten «ajea». Izan ere, beste urte batez, jai ereduak indartsu jarraitzen duela baieztatu ahal izan dugu, konpartsen eta hainbat bilbotarren lan eta konpromisoari esker.

Dena den, zapore gazi-gozoa utzi diguten zenbait kontu ere izan dira. Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertuaz ezin gozatzea horietako bat izan da. Eszenatokia behar zenerako prest ez baitzegoen, eta ez baitziren alternatibak garaiz bilatu.

Hori berez nahiko harrigarria bada ere, badira airean geratu diren beste hainbat galdera. Esaterako, nola da posible Bilboko Udalaren webgunean bertan behera geratu den kontzertu baten berria agertzea, egin balitz lez, eta hurrengo eguneko arratsaldeko seiak arte jarrita jarraitzea? Nola azaldu ahal da puntuazio txarrak eta erreferentzia onik ez zuen muntaketa-enpresa batek gainbegiratze nahikorik ez izatea? Zergatik ez zegoen kontzertua hasieratik ondo iragarrita, eta zergatik izan zen horren zaila hori konpontzea? Eta abar. Baina larriena hiru euskal artistak behar bezala ez zaintzea izan da, beraiek iragarri behar izan zuten ez zela kontzerturik egongo, eta haiek izan dira azalpenak eskaini dizkigutenak.

Kontzertu guztiak garrantzitsuak direla esan ohi da, baina, bilbotarregia eman nahi izan gabe, Aste Nagusiko lehenengo larunbatean Abandoibarran jotzeko aukera ez da edozer gauza. Badakigu gainera, oholtzetan emakume nahikoa ez daudela eta proiektu artistikoak euskaraz garatzeko zailtasunak zeintzuk diren. Hau horrela izanda, Bilboko Udalak zergatik ez ditu modu argiagoan erantzukizunak bere gain hartu, eta zergatik ez die babes argiagoa eman artistei?

Recherche