Atzo "El 47" pelikula ikusteko aukera izan nuen; dagoeneko aski ezaguna denez, benetan gertatutako pasadizo batean dago oinarrituta. 1978an gidari batek autobus bat bahitu zuen Bartzelonako periferiako bere langile-auzoraino irits zitekeela erakusteko, agintariek ezinezkoa zela esaten zuten arren. 1950eko eta 60ko hamarkadetako hiri-hazkunde handiaren historia ere kontatzen du; migratu behar izan zuten pertsona anitzen historia kontatzen du; eta, horretan behar beste sakontzen ez badu ere, auzo-elkarteen historia eta horiek eskubideak bereganatzeko egindako lan nekaezinaren berri ere ematen du. Istorioak nire aurreko Jopuntua gogorarazi dit. Bertan, auzo-mugimenduek garaian eta egun egindako lanari aitortza egiten nion. Gogora ekarri dizkit ere, nola ez, Bilbon entzundako antzeko pasadizoak. Autobusa iristea lortzeko arrakastarik gabeko protesta ugarien ondoren, antzeko konponbideak bilatu zituzten zenbait auzotan. Horietako batzuk pelikulako gertaera baino lehenago izan ziren, hala nola Uretamendin 27 linearen «bahiketa». Auzo gehiagotan ere izan omen ziren horrelakoak; besteak beste, Betolazan, Masustegin, Monte Caramelon, eta Arangoitin.
Gaur egun auzo horietan autobus zerbitzua bermatuta dagoen arren, irisgarritasunak eta garraio publikoaren hobekuntzak bizilagunekiko zor bat izaten jarraitzen dute. Gainera, auzo horietan, eta oro har auzo garaietan, autobusa garraiobide bakarra da oraindik ere. Bestalde, ezin da ahaztu mugikortasuna, oinarrizko zerbitzua izateaz gain, bizi-kalitatearen ardatz estrategikoa dela. Garraio-sistema eraginkorra, iraunkorra eta irisgarria funtsezkoa da; hortaz, politika publikoetan lehentasuna izan behar du. Izan ere, hori da puntako hirien ezaugarrietako bat. Bada zeregina, jakina, maiztasun eta ordutegiak hobetzeko edo sareak ondo integratzeko. Baina ezin ahaztu, etengabe atzeratzen ari diren oinarrizko eginbeharrak, txartel bakarra edo tarifa-sistema bateratua, kasurako. Hobekuntzak izan diren arren, gaiak ez du ez gaurkotasunik, ez garrantzirik galdu.
