Maria  del Rio
Maria del Rio

Ez gaude konforme

Asteazkenean berri positibo batekin esnatu ginen: Ameriketako Estatu Batuetan bloke erreakzionarioak atzera egin du. Brasilen eta Serbian ere berriak onak izan ziren. Eta ondorioa argia da: eskuineko eta eskuin muturreko aukera populisten aurrerapena geldiaraztea posible da. Hauteskunde prozesuak jarraitzea gogoko dugunontzat, hilabete oso interesgarriak izaten ari dira hauek. Izan ere, urte politiko honetan aktualitate osoa haien baldintzapean dago. Gurean, adibidez, bi hauteskunde-hitzordu ditugu aurretik, eta jokoan duguna ez da gutxi.

Handik eta hemendik, zaratak eta desinformazioak protagonismoa irabazi dute kanpainetan. Egunerokotasuneko fenomeno bilakatu dira, ulergaitza egiten zaigun arren. Adimen artifiziala lurreratu da gurean, eta aurkariaren irudia suntsitzeko kartelak egiteko erabiltzen da. Argudioak asetzeraino eta mugaraino luzatzen dituzte batzuek, egia bera ere lausotzeraino. Toxikotasun horrek diskurtso politikoa lokaztu besterik ez du egiten, herritarrengan nekea eta instituzioen eta hauteskunde-sisteman mesfidantza eraginez. 

Horren aurrean, eztabaidaren maila igotzeko beharra dugu, premiazkoa da. Aurkari politikoa arerio gisa ikusi behar dugu, eta ez etsai gisa. Exijentzia eta talka ideologikoa egon arren, bestea ezabatzea helburu ez duen errespetu espazio bat mantentzea eskatzen du demokraziak. Eztabaida proposamenetan eta alternatibetan zentratu behar da, ez lokatzetan. 

Uste nahi dugun arren, argi dago ez garela desinformazioaren aurreko oasi bat, baina garrantzitsua da argi izatea ez garela itxaropen ezaren oasi bat ere. Euskal Herrian ere mugarri berri bat ezarriko da hurrengo hauteskundeei begira. Gure herriak badaki erronken aurrean erantzuten, eta erakutsi du olatu atzerakoien aurrean harresi demokratiko bat eraikitzeko gai dela. Beldurrak paralizatu nahi gaituen garaian, funtsezkoa da ilusioari bide ematea eta hura defendatzea. Badago bide bat, badago alternatiba, eta datozen asteetan gure esku egongo da ilusio hori bozkatzea eta defendatzea. 

Recherche