Maria  del Rio
Maria del Rio

Garrak piztu baino lehen

Azken asteetan gehien hunkitu nauten irudiak bereziki lazgarriak izaten ari diren sute handienak izan dira. Bai hegoaldera begiratzen badugu, bai iparraldera, suak mendiak nola suntsitzen dituen ikustea ikaragarria da. Milaka pertsona ebakuazioak eta prebentziozko konfinamenduak pairatzen ari dira; gainera, suteengatik sortutako keak airearen kalitatean eta osasunean eragina du kilometrotara. Are gehiago, azpiegitura zein etxebizitza asko galdu dira jada, eta, larriena eta gehien hunkitzen gaituena, zalantza barik, pertsonen ospitaleratzeak eta heriotzak izan dira.

Uda honetan Europa osoan ikusten ari garen suteen indar eta garrantzi berezia, argi eta garbi, larrialdi klimatikoari lotuta dago. Besteak beste, udak gero eta luzeagoak direlako, eta, hilabete hauetan jasaten ari garen bero boladek eta euri faltak, sute arriskua nabarmen handitu dutelako. Egoera honetan ere, eta gero eta sinestezinagoa bada ere, diskurtso negazionistak defendatzen dituzte batzuek, zientziaren ebidentziak ukatzen dituztenak, alegia, arriskuaz gain babesgabetasuna sustatzen jarraituz.

Gaur egun, behin eta berriz, segurtasunaren eztabaida eta segurtasunari lotutako politikak areagotzeko beharra mahaigaineratzen da, gizartearen ardura nagusi bezala bihurtuz. Testuinguru horretan ezinbestekoa da segurtasunaren ardatza zein den argi izatea: prebentzioa, kalitatezko zerbitzu publikoak, baita egokitzapenean, ingurumen-kudeaketan eta hezkuntzan inbertitzea ere. Izan ere, gure bizitzak modu argian mehatxatzen dituen arrisku estruktural bat da gure ingurunearen degradazioa.

Larrialdi klimatikoaren inpaktuak argiki aitortzen baditugu, ezin dugu dena berdin egongo balitz bezala jokatzen jarraitu, oso arriskutsua delako eta negazionisten jarrera onartezinetara hurbiltzen gaituelako. Guztiok gure ardura badugu ere, ezinbestekoa da erronka honi modu orokor batean heltzea, eta epe luzeko eta anbizio handiko estrategiak lantzea. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da, segurtasuna eta krisi klimatikoaren kudeaketa erdigunean jartzeko garaia, hain zuzen ere. Ez daukagu galtzeko astirik.  

Recherche