Maria  del Rio
Maria del Rio

Gorriz markatutako eguna

Azaroa memoriari hertsiki lotutako hilabetea da gure herrian, eta, bereziki, azaroaren 20a, gorriz markatutako eguna baita egutegi kolektiboan. Data horrek frankismoaren bi ikur nagusiren heriotza ekartzen digu gogora, Franco diktadorearena eta Primo de Riverarena, baina, batez ere, zauri sakona utzi zuten bi erailketa krudel ditugu gogoan: Santi Brouard Perezena eta Josu Muguruza Guarrotxenarena.

Santiren erailketaren ostean, eta bost urte geroago Josurenean, Bilboko kaleetan izandako omenaldi jendetsuen irudiak gure memoria kolektiboaren parte dira. Nahiz eta adinagatik egun horietako oroitzapen zuzenik ez izan, nire buruan beti egon dira, izan ere, txikitatik beti entzun izan dut espainiar Estatuko estolderietatik antolatutako bi erailketa horiek eragindako hunkidura eta amorrua, eta nola gelditu zen hiria egun haietan. 

Santi Brouard lekeitiarra, bere pisu politiko eta konpromiso irmoaz gain, konfiantzazko pediatra gisa oroitzen du oraindik jende askok; familia ugarirentzat erreferente hurbila gure hirian. Izan ere, ume-zaintza lanetan buru-belarri zebilen hil zutenean. Josu Muguruza errekaldetarra, kazetaria eta euskara irakaslea, berriz, diputatu akta hartzeko bezperan erail zuten Madrilen, elkarrizketaren aldeko mezua erakundeetara eramateko prest zegoenean.

Aurten, Santi eta Josuren omenezko ekitaldiak zaratak eta polarizazioak markatutako hauteskunde kanpaina oso garrantzitsu baten erdian datoz. Faxismoaren otsoa, bere formatu desberdinetan, Monzonek zioen moduan «otso beltzak ez du beste nahirik», ate joka eta uluka daukagu baita instituzioetan ere. Aitzitik, horren aurrean, tinko eta irmo, antifaxismoa eta itxaropena nagusitzen doaz gure kale kantoietan. Garai nahasi hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Santik eta Josuk elkarrizketaren, akordioaren eta bizikidetzaren alde egindako apustua berrestea. 

Hil zituzten, eta familiak egia, justizia eta aitorpenaren zain daude, baina haien memoria gugan bizirik dago eta, eurek ereindakoari esker, askatasun nahia gure motorra izango da betiko.

Recherche