Apustu arriskutsuak
Duela 55 urte, apustu arriskutsuak egin zituen mariskalaren aurreko batek. Bere egoera politikoak behartuta, hein batean. Halakoa zuelako giroa: aurretik/gainetik zuen mariskala eraitsiz heldu berria zen agintera; baina gauzak, onbideratu ordez, zeharo gaiztotzen ari ziren 2.000 kilometroko tartearekin bitan banatua zegoen Pakistan hartan.
Apustuetako bat bikain atera zitzaion Yahya Khan jeneralari. Bera izan baitzen ordura arte ezinezkoa zirudienaren emagina: Nixonen AEB eta Maoren Txina adiskidetze bidean jartzea. Baina lorpen haren aintza ezerezean geratu zitzaion beste apustu baten porrotagatik: orduan bertan jarri zuen abian Banglako sarraski genozida, eta ondoren galdu egin zuen Indiaren aurkako gerra. Horregatik, ez zuen lortu bere aurreko Ayub Khanen mariskal makilatxoa. Ezta haren ondorengo inork ere...
Oraintxe arte. Orain badu Pakistanek bere historiako bigarren mariskala: Asim Munir. Ia bere ibilbide militar osoa inteligentzia zerbitzuen burutzan egina duena. Gaztea, erlatiboki: 58 urte. Ezagutzen (omen) dutenek diotenez, isila, zogia, azkarra. Eta, batez ere, anbiziotsua. Oso anbiziotsua.
Horrela, Imran Khanen populismoaren nemesia izanez eta haren ondorengo gobernuaren ezindura aprobetxatuz, lortu du Munirrek Pakistango indar armatu guztien burutza, «landa mariskal» bihurtuta. Haren eta ez beste inoren eskuetan dago orain bertako indar nuklearren botoia. Diktadore izenik gabe, berak agintzen du Pakistanen.
Apustu politiko-militar bizkor eta erabakigarriak gustatzen zaizkiola erakutsi du jada Munirrek: Indiarekiko iazko gerra laburra, Saudi Arabiarekiko elkarkidetasun ituna, talibanei erasotzea.
Munir da Trumpen eta Teheranen arteko «negoziazioak» abiarazi dituena; gero etorri dira gainerakoak: Pakistango Gobernua, Turkia, Egipto, Saudi Arabia... Ez da kapritxoa: erregaien shocka larrien nozitzen duen herrialdea da Pakistan. Lehendik ere, NDFren erreskatearen atarian zegoena.
Baina Munirren apustuek ere huts egin dezakete.
