Hanka puntan jarrita ere Dickensen orkatilara ere nekez iritsiko nintzatekeenez, beste norbaitek ekin beharko dio gaia nobelatzeari. Baina mereziko luke: “A tale of two airports”.
Neure harridura, txundidura, azaldu besterik ezin dut egin nik. Beste batzuen harridurak sortzen didan txundidura, alegia. Horren zaila ote da ulertzea zergatik urtu den astebetean hogei urtean dozenaka mila hildakorekin eta bilioika dolarrekin eraikitako maula?
Kabulgo aireportuko irudietan epizentroa duen lurrikara ulertzeko gakoa oso argi, eta oso gertu, espazioan nahiz denboran, ikusten baitut nik. 42 kilometro iparralderago dagoen beste aireportu batean. Bagramen.
Bueno, aireportua baino askoz gehiago da, zen, Bagram, sobietarrek eraiki zutenetik. Azken hogei urte hauetan, Asiako Ramstein izan da. Baina Alemaniakoa baino doble handiagoa. Eta agian, funtsezkoagoa. Z. Brzezinski zenaren «Eurasiar Taularen» erdi-erdiko laukia. Estatu Batuek atzerrian zuten base nagusia, seguruenera. 10.000 soldadu estatubatuar ere eduki dituena; eta ehun milatik gora pasatu omen dira handik.
Gau zalapartatsu baten ondoren uztailaren 2ko eguna argitu zuenean, baseari atxikita dagoen presondegia (5.000 atxilo) eta abar zaintzen zituzten soldadu eta polizia afganiarrek ikusi ahal izan zuten... soldadu estatubatuar guzti-guztiak joanak zirela gauean. Argindarra ere moztu ondoren. Hara, bartko zalaparta, pentsatuko zuten, lehenik. Basea, eta bertako gerakin guztiak, ez hutsalak, beraientzat zirela deliberatuko zuten ondoren.
Handik aurrera etorriko zen benetako itauna: «Merezi ote du honekin guztiarekin afganiarrok elkar akabatzen jarraitzea beste hainbat urtez, hau dena antolatu duena urrutitik begira dugunean?». Sei aste besterik ez dira behar izan erantzuna ezezkoa izan dela ikusteko, ezin nabarmenago.
Bagrameko basearen «ebakuazio» zinematografikoa erabaki zuten agintari gorenek ez ote zuten aurreikusten azpikeria hark Kabulgo aireportuan ikusten ari garena erakarri behar zuela, ia ezinbestez?
Bi aireporturen istorioa
Handik aurrera etorriko zen benetako itauna: «Merezi ote du honekin guztiarekin afganiarrok elkar akabatzen jarraitzea beste hainbat urtez, hau dena antolatu duena urrutitik begira dugunean?» Sei aste besterik ez dira behar izan erantzuna ezezkoa izan dela ikusteko.
