Tertulia bat direla esan du norbaitek BRICS-kideei buruz. Benetan ez zaio arrazoirik falta. Orain arte, ez da tertulia gunea baino askoz gehiago izan: hitzordu jakinak, asmo ederrak, iritzi truke ugari, elkarren arteko goxotasuna... eta ia besterik ez. Baina ez da BRICSena tertulia kasu bakarra nazioartean. Zer besterik da NBE? Edo Nazioarteko Moneta Funtsa? Edo Munduko Merkataritza Antolakundea bera?
Tertulia-tasun hori bera nahikoa izan da, bestalde, baten batzuen asaldura –lehenik, eta herra, ondoren– pizteko: Bretton Woods-en nahiz Plaza Hotelean ezarritako munduko statu quo ekonomikoaren arriskurik larriena, egingarriena, omen dira. Eta ez zaie arrazoirik falta halakoei ere. Ez gaitezen tronpatu: sortzezko asmoa bazen edo ez bazen, muga zerga orokor basatien asmazioaren benetako izaera horixe baita: BRICSen aurkako blitzkrieg ekonomikoa. Merkataritza, arma bihurtuta. Helburu estrategikoa: herrialde erreboltariei amore emanaraztea, Nagusiaren estutasun ekonomikoek lehenbailehen behar omen duten tratu-zelai maldatua ezartzeko. Ez da BRICSei buruzko deliberoa soilik, Europako Batasun ustetsuak nahiz Suitza isilak eta beste herrialde batzuek arestian nozitu dutenez. Baina guztiz berariazkoa da BRICSei buruzkoan. Bana-banako galera tratuak eginarazi nahi zaizkie, noski; ezta pentsatu ere blokean. Eta jazartzeko arrazoibideak... Norbaitek uste bazuen Txinaren aurka ekiteko erabilitako fentaniloaren ipuinak edo Hegoafrikako «zurien aurkako genozidioak» zerbaiten oinarria izango zutela, ikusi ahal izan du Brasilen edo Indiaren barne jardueretan noraino esku sartzeko gaituta sentitzen den Nagusia. Xantaia egiteko.
Banan-banan, bakoitzak beretik, eman beharko diote erantzuna BRICS-kideek erasoari. Baina erantzun taktikoa, behin-behinekoa da hori. Erantzun estrategikoa, luzerakoa, behin betikoa zein izan behar duen hausnartu beharko dute, aldi berean, orain arteko tertulia saio luzeak praktikara eraman behar badituzte. Lulari horrelako zerbait aditu diodala esango nuke. Ea.
