Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Estatu etsaiaren klausulak

Auskaloko zoko batean, baina hortxe egon dira ia 80 urte hauetan; eta iratzarri egin dira: estatu etsaiaren klausulak. Pasa den astean berrargitaratu zituen bere sare sozialetan Txinak Tokion duen enbaxadak adituek eta oso saiatuek baino gogoan ez zituztenak.

Takaichi japoniar lehen ministro berriak azaroaren 7an esan zuenetik Taiwanen zerbait larria gertatuz gero Japoniak bere biziraupena arriskuan ikusiko lukeela (hau da, militarki hartan esku hartzeko baimenduta sentituko litzatekeela), ohikoa baino askoz gehiagokoa da Txinan sutu den furfuria, alafede. Gaztigu diplomatikoak eta neurritxo faktikoren bat izango lirateke ohikoak; baina bi aste hauetan ikusi ahal izan ditugu bozeramaile gorenen adierazpenak, gerraontzien mugimenduak, merkataritza zigorrak, bidaiak murrizteko aholkuak... oraingoz goia ez duela jo dirudien crescendo batean.

Irakinaldi horren baitan ulertu beharko da, noski, estatu etsaien klausulei egin zaien aipamena. Baina aintzat hartuz gaiaren larritasun sakona. Nazio Batuen Gutunaren 107. eta 53. artikuluen xedapen batzuk bilbatzeko erabili ohi da esamoldea. Klausula horiek, labur esanda, zilegitzen dute, ildo desberdinetan, II. Mundu Gerran Ardatzeko kideak izandako estatu baten erasopean edo arriskupean aurkitzen ahal den NBEren sortzaileetako edozeinek indar bidez erantzutea. Baita Segurtasun Kontseiluaren baimenik gabe ere.

Ez da aztia izan behar jabetzeko klausula horiek zer ahalbidetu dezaketen egungo Txina eta Japoniaren artekoa bezalako kinka aldi batean. Eta Errusiaren eta Alemaniaren artean?

Estatu etsaien klausulen indarrekotasuna hizpide izan da hamarkada hauetan guztietan adituen artean. Baina ez dira indargabetu. Eta egitate juridiko guztiek bezala, ez dute errealitatea aldaraziko, baina bai lagun dezaketela hura alde batera bestera baino erosoago joan dadin.

Eta Asia ekialdean hala moduzko kitapena izan zuen II. Mundu Gerraren akaberako mugarriak mugitzen hasten badira, gorabehera asko erator daitezke. Gutxi onak.

Recherche