Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Gaur ehun urte

Ekimen haren benetako sustatzaileak ziren Madison Grant, Lothrop Stoddard eta gainerako supremazista nordizistentzat garaipen historikoa izan zen hura

Gaur ehun urte, 1921eko maiatzaren 19an, Warren G. Harding Estatu Batuetako presidenteak immigrazioari buruzko Emergentzia Kuota Legea, edo Per Centum Legea, sinatu zuen eta, bide batez, indarrean sartu zen. Legearen aginduz, ordutik aurrera urtean ezingo ziren Estatu Batuetan sartu 1910ean bertan erroldatuta zeuden herrialde bakoitzeko etorkinen %3 baino gehiago. Europatik Estatu Batuetarako migrazio handiaren amaiera izan zela deritzote batzuek. Ikuskera bat da, ez oso doitua.

Ordura arteko etorkin kopurua gogotik murriztu ez ezik, beste zerbait ere egiten baitzuen lege hark: immigrazioaren osaera errotik aldarazi nahi zuen. 1910ean jada erroldatuta zeudenen proportzioaz baliatuz, Europa Iparraldeko “nordikoen” sarbidea askoz errazagoa egiten baitzuen Hegoalde eta Ekialdeko “mediterraneoen” sarrera baino. Eta horixe zen, espresuki, haren asmoa: italiar, greziar, balkandar eta, batez ere, Europa Ekialdeko juduei atea ixtea. “Garbitasun etnikorako” legea zen. Herrialde zuria ez ezik herrialde “arioa” izan zitezen Estatu Batuak. Hitler ez zen bere alderditxoko burua ere oraindik.

Hardingek berretsitako legea, gainera, ez zen berria. Hamarkada bat zeraman Kapitoliotik Etxe Zurira bueltaka; Taftek eta Wilsonek ez zuten sinatu nahi izan; batik bat, garaiko komenentziak aintzat hartuz. Ez zen lehendabizikoa ere, asiarren immigrazioa ordurako biziki zailduta baitzegoen 1880ko hamarkadatik, eta erabat debekatuta 1917tik. Eta ez zen azkena ere izango: Hardingen oinordeko Calvin Coolidgek sinatuko zuen 1924ko legeak aurreko debeku guztiak bilbatu eta koska bat gorago ipiniko baitzuen hesia. 1890eko errolda izango zen erreferentzia eta %2an egongo zen muga aurrerantzean. Hamarkadatan.

Ekimen haren benetako sustatzaileak ziren Madison Grant, Lothrop Stoddard eta gainerako supremazista nordizistentzat garaipen historikoa izan zen hura. Eta eredua, haien pentsaeratik elikatu ziren hainbat garaikide europarrentzat.

Duela ehun urtekoa oso argigarria da XXI. mendeko hainbat makurkeria nondik datozen jakiteko.

Recherche