Zorotasunaren sinbolotzat hartu ohi da, garbi ez dauden zioengatik, inbutua. Askoz arrazoibide argiagoengatik jarri behar litzateke Espainiako armarrian, egun dauden atrapario horien ordez: zabal neuretzat, estu hiretzat; onura denean. Alderantziz, nekea denean. Bi inbutu, kontrakarrean jarrita, armarri kontzeptualean. Espainia: nork bere burua eta hurkoa neurri bertsuarekin neurtzeko ezintasuna. Are gehiago: ulertu ezin duena, agidanez, horixe litzatekeela bidezkoa.
Nola bestela aditu behar da noizean behin gogorarazten zaizkigun sigla batzuen ordezkaritzan «memoria demokratikoaren» jagole omen den batek, bera jaio baino lehen eraildako batzuen nondik norakoez epai iraingarriak jaulkitzea? Ez ote zaio bururatzen bereak dituen sigla horien gerizpean egindako askoz latzagoak ere epaitu ditzakegula, gogor, besteok? «Askatasunaren alde borrokatu ez zuten» Txiki eta Otaegiren exekuzio-piketeak antolatu zituen «Antón» ote zen bada askatasun-haizea? Haren lurralde-kidea eta gure memoria-epailearen taldekidea den «Lito» ote dugu frankismoaren aurkako borroka eredua?
Halaz eta guztiz, berehala ondu du marka haren pareko beste batek: «Norbait hiltzen duzunean, asasino bat zara». Eta esaldia borobiltzeko, periplo geografiko-historikoa egin nahi izan du... oraintxe bertako hilketa masibo izugarriena aipatu ere egin gabe. «Bibi» asasinoa ote? Bai zera!
Ez dago misteriorik, ordea, hori diona Arias Navarroren taldekidea dela gogoan izaten badugu. Bai, Arias Navarrorena. Ez bakarrik «Manolón» Fraga eta Zazpi Bikain haiena, baizik Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiruak –eta lehenago beste batzuk– erailtzeko agindua zuzenean eman zuen Arias Navarroren taldekidea. Edozein matxinok edonor hiltzeko izan dezakeen legitimitate berberarekin milaka –bai, milaka– pertsona hilarazi zituen Arias Navarroren taldekidea. Madrilgo senatari egin nahi izan zuten gizatxar haren taldekidea da asasinoak auzoan ikusten dituena.
Harrapazan/k! Horrela funtzionatzen du inbutuak.
