Irabazi ote liteke gerra nuklearra?
Laugarren eta azken puntutxoa da Shenzheneko adierazpen meharrean: «Hiru herrialdeetako [Txina, Errusia, AEB] estatuburuek berretsi dute gerra nuklearra ezin dela irabazi eta ez dela inoiz egin behar. Arrisku nuklearren murrizketari eta ugalketaren prebentzioari buruzko elkarrizketa hasiko dute hiru herrialdeek». Agiriak jasotako gainerako «adostasunak» baino onargarriagoa da, noski, baina... esan beharra ote zegoen?, galdetuko du gutako edozeinek. Bada, hausnartuta, agian ez da alferrikakoa. Bestelako kontua da adierazpentxo horrek eraginkortasunik izango ote duen.
Gutako nornahirentzat ekuazio lau eta gardena dena –gerra nuklear batean denak/denok izango gara galtzaile; beraz, halakorik ez sutzea da onbide bakarra– ez delako hala beste batzuentzat. Guk baino ahalmen gehiago duten hainbatentzat. Eta ez da oraintxeko kontua, baina arestian biziberritu, eta korapilatu, egin da. Gerra nuklearra hasi dezaketenak ugaritu egin direlako, eta hiru besterik ez zeuden Shenzhenen. Baina ez horregatik bakarrik.
Arma nuklearra bera bezain zaharra delako beste ekuazioa ere: arma guztiak bezala, erabiltzeko egiten dira nuklearrak, eta erabileraren nolakotasunean datza haiekin irabazle izateko aukera. Eta ez dira lau txoropito hitzontzi hala deritzotenak. 40 urte betetzear da "To win a nuclear war" liburua, Pentagonoaren isilpeko planak salatu zituena. Eta orduan plazaratu zuten Reaganek eta Gorbatxovek, hara, Shenzhenen berresan diguten hori.
Urteak joan dira, baina pentsaera-ildo horrek bere horretan jarraitzen du. Hegemonia galtzen ikusteak sortzen duen antsiagatik edo, askoz ageriagoan orain. Bota, bestela, bistadizo bat duela bospasei urteko “Guide to nuclear deterrence in the age of great-power competition” lan kolektibo potoloari.
MAD Mutual Assured Destruction delakoaren hondamendira heldu gabe gerra nuklearra egin –eta irabazi– daitekeela uste dutenak ez dira lau memelo. Ikusiko dugu norainoko balioa duen Shenzheneko konjuruak haien kontra.
