Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Japonia, arma nuklearren jabe?

Zunda-globoa izateak ez dio sukoitasuna kentzen gorabeherari: zundatzailearen burutazioak uzten ditu agerian. Eta haietantxe datza benetako arriskua, zinez.

Joan den ostegunean, “segurtasun-gaietako goi-aholkulari” japoniar anonimo batek, bertako egunkari handienari egindako adierazpenetan, iragarri zuen “bere uste pertsonalean” Japoniak arma nuklearren jabe izan behar lukeela.

Japonia eta arma nuklearrak esaldi berberean uztartzeko era asko daude; baina ezezko testuinguruan izan ohi da beti... orain arte. Ezezko Hirukoitza, edo nukleartasunaren aurkako Hiru Printzipioak izan dira Japoniaren jarrera mugarritzen dutenak: arma nuklearren jabe ez izatea, halakorik ez ekoiztea, eta herrialdean behin ere sartzen ez uztea. Zergatia, historia-liburuetan dator. Hirugarren ezezkoari noraino men egin zaion, jakizu. Egun ere okupaziopean jarraitzen duen herrialdea delako Japonia.

Kontrakarrean, argi legoke “aholkulari anonimoaren” nahia Zero Ezezko izango litzatekeela. Harrigarria ote? Ez alajaina! Taktikoki, Takaichi andreak duela bost aste Taiwanen kontura haizatutako zunda-globoaren ildo bertsuan etorriko litzateke hau ere; kasu honetan, “anonimotasunaren” estalkipean eginda, balizko albo-kalteak saihesteko edo.

Eta estrategikoki, oso gardena bihurtzen ari den egitasmoaren testuinguruan dago guztia: Txinari aurre egiteko, AEBk duen premia gero eta larriagoari esker, japoniar elite politikoaren zati funtsezko batek –Koizumi, egungo Defentsa ministroa, eta Ishiba, lehen ministro eta Defentsa ministro ohiaren arteko disonantziak aditu besterik ez dago– ebatzi duela abagune aproposa dela, hain zuzen, Estatu Batuek ezarritako “bakezaletasunaren” lokarriak behin betiko askatzeko.

Endredoa da beste batzuk ere partaide direla “joko” horretan. Zuzen-zuzenean, arestian aipatu dugun Txina. Baina baita Errusia, Korea(k), eta Asia Ekialdeko gainerako herrialdeak ere. Eta ez die grazia izpirik egin “aholkulariaren” proposamen errebisionistak, alafede.

Recherche