Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

«Kowtow», orain alderantziz

Berrehun eta hogeita hamar urte igarota, paperak alderantzikatzea besterik ez dugula egin ematen du. Egia da orduko anglosfera sutu zuen hitza orain inork ez duela aipatzen; badaezpada, esango nuke. Baina egintzak begi-bistan daude, eta bestela ezin dira ulertu oraingo gorabeherak ere. Historia bihurriak, gainera, deitura berbera daramaten bi protagonista uztartu ditu pasadizoan.

1793ko irailean, bere aginpidearen gailurrean zegoen Qianlong Txinako enperadore mantxu edadetuak (80 urte ondo paseak zituen ordurako) hartu zuen George McCartney kondea buru zuen enbaxada britainiarra; ofizialki Txinara heldu zen lehena. Gaur egun ohikoa dirudien kondairak iradoki badezake ere McCartney demokrazia eramatera joango zela, enbaxadaren xedea besterik zen: Txinarekiko merkataritzaren bitartez Indiako kolonia britainiar menderatu berriaren esplotazio ekonomikoa errentagarri egiteko ahalegina. McCartneyren enbaxada haren porrota izango zen, askoren ustez, handik hamarkada gutxira Opioaren Lehen Gerra eta gainerakoak erakarriko zituena.

Egia frogatua arras bestelakoa bada ere, britainiar mitologia inperialak McCartneyren enbaxadaren porrota lotu ohi du hark txinatar usadioan Qianlongi zegokion kowtow ondra –hau da, aurrean hiru bider ahuspeztu eta haietako bakoitzean kopetaz lurra hiru bider ukitzea– egin ez izanarekin. Ordurako munduko errege ahaltsuena omen zen britaniarraren ohorerako onartezina zela zeritzolako.

McCartney buruharro hari baino onargarriagoa egin bide zaio Tsai andre eratsuari munduko lehen potentziatik exijitu zaion kowtow sinboliko hori: inora ezerako bidaian, lehendabizi, joanekoan, bildu zaitez New Yorken Kongresuko gutxiengo demokrataren buruarekin, itzultzean Kalifornian McCartney speaker errepublikanoarekin elkarrizketatu ahal izateko, ez dezan honek Taiwaneraino joan behar... Pelosiren bisitaldiarekin gertatu zena, ahal den heinean, saihesteko.
Ikusiko dugu AEBko Kongresuaren aurrean ahuspezteak zertarako balio duen.

Recherche