Borrellen hitz-inkontinentzia meme- eta txantxa-gaitzat hartzen da gehienetan, eta berezko zergatiak dituen xelebrekeria delakoan betiere. Baina bene-benetan dagokionean balioesten hasi behar genuke. Eta Borrellen benetako tasuna meategiko loroarena da. «Gure» eliteen meategian azkar batean metatzen ari den grisu geopolitikoaren loroa besterik ez da Borrell inkontinentea.
Joan den asteburuan La Toja foroan (nolako gonbidatua, halako mintzalekua) jaulki dituenek irribarrea eragin dezakete, batez ere bere buruari esleitu dion betebehar martziala bezalakoetan: «Berrarmatze-prozesu koordinatua behar dugu Europar Batasunean, eta nire lana da hori koordinatzea».
Baina, oro har, grazia izpirik gabekoak dira Borrellen mezuak: «Bere izaera-zerumugan integratu behar du Europar Batasunak gerra»; «merkataritza eta zuzenbidea oinarritzat hartuta eraiki da EB, baina botere-kontzeptua aintzat hartu gabe (...)»; «Kant gehiegi eta Hobbes gutxiegi»; «junglaz inguratutako lorategi batean bizi gara»; «baliabide militarrak ez dira kapritxoa»; eta abar.
Loroak hitz egin du. Entzuten duena berresanez, jakina. Europar/mendebaldar «lorategiaren» bikaintasunaren sarkasmoaz gogoeta egin dezakegu; handik kanpo geratzen den «junglaren» basakeriarekin alderatuz, nahi izanez gero. Maila pertsonalera etorrita, ezin dut ahaztu duela 30 urte Borrell horrek berak (bera baita, gezurra badirudi ere) Bosniako gerraren aurrean erakutsi zuen patxada higuingarria.
Baina meategiko loroa besterik ez da Borrell. Grisuari egin behar zaio kasu. Estatu Batuen hegemoniaren meategian hamarkada bat baino gehiago darama metatzen grisu horrek; eta orain Europako eliteen artean ari da zabaltzen ziztuan. Hegemoniaren galeraren izua da grisua. Ez baita pagotxa galbidean legokeena elite horientzat.
«Ni ez naiz arrazista; ordenatua naiz, besterik gabe» grazia bat zela pentsatuko zuten askok. Ez, egitasmo politiko bat zen eta da.
Bueno, egitasmo politiko-militarra, Borrell mariskalaren ahotan.
