Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Sukoitasuna

Espero, erregu dezagun, Abdalla Hamdok-en dohainen artean ez egotea profezia dohaina. Ikaragarria baita hark arestian iragarri duena: amesgaiztoa bihur liteke Sudango krisia mundu osoarentzat, Siriako edo Libiako gerrak baino okerragoa izan daitekeelako. Esan gabe baitoa Siriak halako bi eta Libiak halako zazpiko biztanleria duela Sudanek.

Adierazpen interesatua –zintzoa interesa: nazioartetik bakegintza akuilatzeko– izan daitekeela susma dezakegunok gogoan izan beharko dugu, haatik, ifrentzua: Hamdok ez da nornahi. Nazioarteko erakundeetan ospe jasoena duen sudandarra izateaz gain, herrialdeko lehen ministroa izan da azken urte hauetako noraezean. Eta etsita, dimisioa eman ondoren, erbesteratuta dago gaur egun. Beraz, oso aintzat hartzeko gaztigua da harena.

Okerrena da, hala ere, geure kabuz egin dezakegun hausnarketak ere emaitza bertsua eskaintzen digula: gaur egun Sudanen gerra zibila sutzeak (eta horixe da Khartumeko gatazkak aditzera ematen duena: hiru asteren ondoren hiriburuaren kontrolak erdibanakoa izaten jarraitzen baitu) ondorio beldurgarriak erakarri behar ditu, ia nahitaez.

Lehenik, luze joango litzatekeelako, ia ziur. Alde bakoitzak lurraldearen zati handi bat du nahiko kontrolpean, baina aurkaria menderatzeko gaitasun mugatua. Aurrekaritzat har daiteke Hego Sudango gerra izugarria, orain Ekialde eta Mendebalde artekoa; biktimen kopuruak ere hangoaren antzekoa izan behar badu, ez legoke horren oker Hamdok.

Baina, gainera, eta horretan datza seguruenera haren deiadarraren gakoa, inoiz ez bezalako sukoitasuna izango lukeelako oraintxe bertan Sudango gerra zibil batek haren ingurumari osoan. Lehendik sututa dauden gerra “zibilekin” (Tigray, Hego Sudan, Txad eta Libiakoak, besteak beste, Itsaso Gorriaz beste aldekorik ez aipatzearren) katramilatu ahal delako... Baina, batez ere, Niloko uren erabilera dela eta, Egiptoren eta Etiopiaren artean sutzear legokeen gerra zuzenaren pizgailua ere izan daitekeelako.

Erregu dezagun...

Recherche