Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Ugandatik Madagaskarrera, eta orain Ruandara

Garai hartan britainiar kolonia zen Ugandara, errusiar Inperiokoa zen Chisinau moldaviarreko pogrometik bizirik ateratako juduak bidali nahi izan zituzten Joseph Chamberlain eta T. Herzl-ek.

Bertatik bertara daude Ruanda eta Uganda: mugakideak dira 170 kilometroan. Eta handik Madagaskarrera ere ez dago horrenbeste: 2.500 kilometro. Europatik, ordea, 8.500.

Horregatik besterik ez bada ere, "Rwanda scheme" hizpide denean, ekarri behar lirateke gogora XX. mendearen hastapenetako “Uganda scheme” hura, edo 1940ko "Madagascarplan" hura. Kidetasun kontzeptual nabarmenak ere badituztelako.

"Rwanda scheme" deitu diote Erresuma Batuko hedabideek eta iritzi publikoak Boris Johnson eta Priti Patel-en azken... ateraldiari, esatera nindoan, baina ez da hori hitz egokiena, 1903ko "Uganda Eskema"-ren edo 1940ko “Madagaskar Plana”-ren berrargitalpena besterik ez baita haien etorkinen deportazio-plana.

Ez ziren berdinak izan biak, azkenean asmo hutsean geratu izanean ez bada, eta bietan ala bietan, Europa erdialdeko juduek izan behar zutelako deportazioaren «protagonistak».

Garai hartan britainiar kolonia zen Ugandara errusiar Inperiokoa zen Chisinau moldaviarreko pogrometik bizirik ateratako juduak bidali nahi izan zituzten Joseph Chamberlain eta T. Herzl-ek, eta honekin bat egin zuten Kongresu Sionistako kideek. Intentzio zintzoarekin, esango du norbaitek: heriotza izan zitekeen izangaien alternatiba. Hala ere, haien ezezkoak zapuztu zuen hein batean plana. Noski, «hartzaile» izan behar zuten Uasin Gishu-ko bizilagunei ez zieten iritzia eskatu.

1940an operazio bertsua, askoz eskala handiagoan, otu zitzaien Frantzia eta Polonia okupatuetan aginte-itxura egiten zuten morroiei, gainetik zituzten agintari nazi batzuekin lankidetzan. Intentzio zintzoarekin, esango du norbaitek. Plan hura ere ezerezean geratu zen, eta haren balizko «protagonista» izan behar zuten gehienak herio-zelaietan hil zituzten ondorengo urteetan.

Oraingoan, berritasuna da deportazio masiboaren izangaiak edonongo asilo- eta bizibide-eskatzaileak izango liratekeela. Eta «hartzailea», atzo arte despota lotsagarria omen zen Paul Kagame-ren Ruanda.

Europak orduko lepotik du burua orain ere.

Recherche