Urtarrila beti izan da azken urteotan preso eta iheslarien aldeko aldarri une eta gune. Urtarrilarekin batera milaka ahots eta oihu batzen dira Bidasoaz bi aldeetara. Batzuetan kaleak jendeztatuz, bestetan plazak argituz. Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalak bat egiten duen aldarriarekin bat egiteko ordua da. Testuinguruak ez dira inoiz berdinak izan eta egun covid-19aren eraginez are bereziagoa da, larrialdi egoerak suposatzen duenaz gain presoen eta berauen senideen egoera ere larriagotu egin baita. Kartzelari kartzela barruko beste kartzela bat ezarri zaio, urrunketa inposatuaz gain, senideekiko harremanik gabe isolatuago gelditu direlako euskal presoak. Zigorrari zigor erantsia ezartzen diete presoei salbuespeneko politika horrekin. Bizi osoko espetxe zigorrak indarrean dirau eta egun oraindik ere euskal presoen %80 lehen graduko egoeran daude eta horien artean batzuk hogei urte baino gehiagoz. Barbaridade bat Marta Vicente magistratuaren iritziz. Iñaki Lasagabaster Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak eta Amaia Goirigolzarri abokatuak hirurehun legelariren izenean egindako azpimarra argia da: «egungo espetxe politikaren larritasun handiena legez kanpokoa izatea eta oinarrizko eskubideak ez errespetatzea da». Eta nola diren gauzak. Iragan hurbilera behako bat eginez gero, 1988ko urtarrilaren 12an sinatu zen Ajuriaeneko Itunak zioena etortzen zaigu gogora. Borroka armatua bukatzen zenean preso guztiak kalera ateratzea arazoari konponbidea ematea zela onartu zen. Sinatzaileen artean zeuden PNV, PSE, AP, CDS, EA eta EE. Ez barkamen eskaerarik, ez otxokuartosik. Zentzuzko kontua zen. Ondorio logiko bat. Kitto. Lehen argi bazegoen, orain are argiago. Haiek bahituta gure geroa nahi dute bahitu. Preso eta iheslariak etxeratzea arrazoizkoa eta gizalegezkoa da. Adituek diote. Gehiengo zabal batek dio. Logikak eskatzen du. Sentipen eta ideologia guztien gainetik etxean behar ditugu. Haien ametsak gureak ere badirelako.