Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Bidasoaz honaindian

Estrategiarik gabe eta jendearen konfiantza arrakalatuta, diotenez, Macron pandemiaren arabera baino, egoera politikoaren arabera ari da erabakiak hartzen.

Urtebete pasa da Macron bonapartistak «gerran gaude» esan zuenetik. Gero jendea «kosta ahala kosta» babestuko zuela esan zuen baina, urtebete pasaturik, langileen lan baldintzak hobetu beharrean edo, ikusiak ikusi, sistema publikoa indartu ordez, ugazabei dei egin die langileei primak bana diezazkieten. Bien bitartean ospitaleetan erizainen eskasia dela salatzen jarraitzen dute oraindik. Hondamendi sozial eta psikologikoaren aurrean aberatsen presidenteak hautatutako hirugarren bidea (hots, konfinatu baina konfinatu gabe) huts egiten ari da.

Frantziar Gobernuaren noraeza alarmagarria da eta kontraesanak inoiz baino agerikoagoak dira. Lehen ministroak AstraZenecaren txertoak lasai hartzen jarraitzeko deia egiten zuen bitartean, berehala presidenteak atera behar izan zuen hori gezurtatzera. Zer den beharrezkoa eta zer ez erabakitzeko orduan izan den eztabaida semantikoan katigaturik ibili dira ministro bat baino gehiago hedabideetan. Kalera irteteko baimen-agiria bertan behera utzi behar izan dute konfinatutako hamasei departamenduetan, sinplifikatu ordez jendeak ez baitzekien nola bete behar zen bi orriko agiri konplikatu bat lanera joateko, erosketak egiteko, txakurra paseatzeko edo kirola egiteko. Hitz bitan: desastre bat. Eta azkena Macronek berriki gaueko hamar eta erdietan egin duen ustekabeko agerraldia izan da. Kontrola galtzen ari den sentipena errotua dago gero eta gehiago. Gobernukideen kakofonia jasanezina da egun. Gure psikeak ulertzen ez duen bestelako lengoaia bat darabilte. Itomen telematiko eta geopolitikoa (mugak tanpez itxiz) erabatekoa da. Estrategiarik gabe eta jendearen konfiantza arrakalatuta, diotenez, Macron pandemiaren arabera baino, egoera politikoaren arabera ari da erabakiak hartzen (presidentzialak ate joka ditu). Badakizue, lehenbizi osasuna eta hori guztia.

Gezurra diot. Gauza bat bederen ikasi dut urte honetan. Birusak ez direla biralak bakarrik, politikoak ere badirela.

Recherche