Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Denbora

Byung-Chul Han filosofo hegokorearrak gelditzeko dei egiten digu, gelditu ez lantokira joan bitartean errekuperatzeko, gure beharrizanak zein diren gogoetatzeko baizik.

Behin baino gehiagotan aipatu ditu Byung-Chul Han filosofo hegokorearrak gure jendarteak lituzkeen aje edo ondoezak. Ados egon ala ez, beti dira interesgarriak bere begirada kirurgikoarekin egiten dituen gogoetak. Haren ustez errendimenduaren eta produktibismoaren aroan bizi gara, hiperkonektatuta gaude eta gehiegizko positibismoak geure buruaren jopu bihurtzen gaitu, geure alienazioa elikatzen du eta ondorioz borrokatzen dugun sistema beraren biktima bihurtzen gara. Geure egunerokoari begirada bat ematea nahikoa da. Gizaki hiperaktiboak gara, ez dakigu geldirik egoten eta denborarik gabe lanetik etxera eta etxetik lanera gabiltza. Eta gelditzen zaigun denbora librea kontsumitzeko erabiltzen dugu; ez edonola gainera, botoi bati sakatuz, ezer gerorako utzi gabe eta kontsumitzeak ematen digun plazerarekin. Baiki, kontsumitzeak plazera ematen digu. Abiadura eta kontsumitzea denbora kapitalistaren ezaugarri nagusienak dira.

Sindemia garai honetan are nabarmenago sumatu eta sentitu da zer balio duen geuretzako denbora hartzeak, izan ere, egun ezagutzen dugun denbora kapitalistan beste denbora guztiak lan denboraren azpian ezartzen dira, muga biologiko guztien gainetik merkantilizatutako denborak gure bizi-denbora jaten du pixkanaka. Lan eta bizi lanerako, gero gerokoak. Hori da logika kapitalistaren lehen helburua. Karl Polanyi gogora ekarriz, ekonomia gizakien zerbitzura ezarri beharrean, gizakia ekonomiaren zerbitzura edo, hobeki esan, elite ekonomiko zein politiko baten zerbitzura dago.

Ildo horretan, Hanek gelditzeko dei egiten digu, gelditu ez lantokira joan bitartean errekuperatzeko, gure beharrizanak zein diren gogoetatzeko baizik. Azken hilabeteotan inoiz baino argiago ikusi eta gero elkarren beharrak, elkarren ondoan egoteak eta elkar zaintzeak hartu duten garrantzia, gure bizi denborak nola antola ditzakegun hausnartzen hasi beharko genuke lehenik eta behin. Esate batera, asko pentsatu baino, ondo pentsatzen hasteko denbora hartuz.

Recherche