Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Etorkizunerako gakoak

Etorkizunean –pandemia osteko geroan– nolako Euskal Herria nahi dugun asmatzen joan beharko dugu, geure buruak berrasmatuz, sozialki eredu justuago bat osatuz.

Etorriko diren aldi eta erronka berriei begirada kritiko batetik begiratu ezean alferrikakoak izango dira egiten diren ahalegin eta indar guztiak. Urte berri bati hasiera ematen diogun bakoitzean asmo onez betetako helburu eta egitasmoak jartzen dizkiogu geure buruari. Aurrealdean ditugun erronkak eta larrialdiak ez dira gutxi eta ez dira txikiak ere. Sisiforen mitoarekin bezala, harritzar berarekin gabiltza gora eta behera, batzuetan astunago egingo zaigu, bestetan arinago, egunen eta egoeraren arabera, baina larrialdi klimatikoa, ekonomikoa eta soziala gero eta handiagoak dira. Alarma guztiak piztuak dira. Eta pandemiak larrialdi horiek guztiak zeharkatzen ditu, sakonago bihurtzen ditu, azken buruan jendarte eredu bati buruz ari garelako. Gure bizi eredua astindu du eta horrek ondorio ugari utzi ditu jada eta utziko ditu gerora ere.

B. Cyrulnik neuropsikiatrak ezin hobeto adierazi du gertatzen zaigun guztia: «Pandemia arazo biologiko txiki bat da, baina zibilizazio arazo handi bat». Hau da, geure artean harremantzeko, sozializatzeko, egituratzeko eta politika egiteko moduak hankaz gora jarri ditu pandemiak, abere politikoak garenez demokrazia ulertzeko modua ere begien aurrean jarri digu. Eskuin muturraren diskurtso eta jarrerak areagotu ditu, sakonean jendarte eredua dagoelako jokoan. Kapitalismoarena edo eredu sozialago batena. Arrazakerian, bazterketan eta supremazismoan oinarritzen den eredua edo zaintza erdigunean jartzen duen eta besteari lekua egiten dion elkartasunezko eredua. Finean, etorkizunean –pandemia osteko geroan– nolako Euskal Herria nahi dugun asmatzen joan beharko dugu, geure buruak berrasmatuz, sozialki eredu justuago bat osatuz edota naturarekin bat eginez. Horra, etorkizunari begira egin beharko ditugun hiru erresilientzia mota. Hiru gako ezinbesteko. Aldi berean egin beharrekoak.

Gure arteko sestrak alboratu eta krisi hau geure buruak birkokatzeko balia dezakegu, komunitatea saretzen joateko. Bestelako alteritate bat eraikitzeko. Edo nik behintzat horretan ari ginela uste nuen.

Recherche