Faktura soziala
Giroa berotzen ari da beste behin. Egonezin sozial eta politikoaren enegarren eztandaren aurrean gaudela diote adituek. Frantzian abiatu den lizeoko ikasleen borrokak Baionan ere izan du oihartzuna, eta poliziaren errepresioak betiko ondorio lazgarriak utzi ditu nerabe eta gazteen artean. Polizia gerrako armak zein teknikak erabiltzen ari da mugimendua zapuzteko asmoz.
Frantzian izango diren hauteskunde presidentzialen su eztian (edo su azkarragoan batzuetan) lehertzear dago lapiko sozial eta politikoa. Eta beste behin ere, erreakzioak betikoak dira. LR eskuin alderdiko bozeramaileak, Pierre-Henri Dumontek, klarki bidali die mezua ikasle grebalariei: «Lizeoko ikasleek eskubide bat baino ez dute, klasean egotea, isiltzea eta irakasleak dioena entzutea, kitto». L. Nunez Barne ministroak ere ipini du bere alea. «Polizia proportzionaltasunez erantzuten ari da». Eskerrak eman dizkie egiten ari diren lanagatik. Testigantza anitzek bestelako metodo basatiagoak erakutsi arren.
Macron Eliseora heldu zen 2017an. Finantzen Mozart bat ei zen. Jenio bat, antza. Ia hamar urte geroago datuak izugarriak dira. Aurten bertan aberatsenen artean dibidenduetan 61 mila milioitako jackpot-a banatu den bitartean, gizarte eta zerbitzu publikoetan 54 mila milioiko murrizketak egin nahi ditu. Eta aldirietako lizeo publikoetako ikasleen egoera gero eta okerragoa da. Jakina, ez da inoiz aipatzen austeritate politikak dakarren biolentzia. Hatza beste nonbait ipintzen da beti. Baina gutxi batzuen muturreko aberastasuna eta pobreziaren emendatzea aritmetika beraren ondorio dira. Pobrezia ez da, pentsarazi nahi diguten gisara, zerbait naturala.
Gazteek ez dute kaosa eta desordena nahi, kapitalismoak ezarritako ordena honen aurka dira borrokatzen. Ez dute utopiaren eta ezkortasunaren artean etsipenean gelditu nahi. Ikasten jarraitzeko kondiziorik gabe, laguntzak kenduta, ez dute ikusten ez diren kateen morroi bilakatu nahi. Gazteak dira, baina ez inozoak. Sinpleki esanda, ez dute beren bizkar faktura soziala ordaindu nahi. Etorkizuna irabazi nahi dute.
