Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Infernuko ateak

Haurrak ginelarik, ikasi genuen bazela zeruan paradisua (non, bizikletatik eroriz gero, ez zen minik hartzen) eta bazela lur azpian infernua (bekatariak joaten ziren leku beldurgarria).
Ongi irakurri badut, latineko «Infernus»etik dator infernua, eta «azpian dagoena» esangura luke. Judaismoan «Sheol» deitzen diote infernuari, hots «lur azpiko bizilekua», «gizateriaren hilobi komuna». Greziar mitologian, «Hades» da hildakoen erregea eta bere betebeharra hildakoek infernua abandonatu ez dezaten da. Antza, infernura jaisteko hiru sarbide leudeke: lehena bakarmortuan, itsasoan bigarrena eta hirugarrena Jerusalemen.

Historian infernuari buruzko errepresentazio ugari egon dira eta bakoitzak bere erara adierazten du zer den behe aldeko inframundu hori. Denetan agertzen da halako paisaia surrealista bat, deabruz eta biolentziaz betea, sufrimendua eta zigorra modu agerian direla. Ezaguna da ere Danteren infernurako jaitsiera "Divina Commedia" lanean. Bertan «infernu-aurre» bat dago hasieran, gero «purgatorioa» eta azkenik «paradisua». Infernu danteskoan bekatua aitortzetik arima garbitu eta paradisurako bidea, erredentzioa aurkitzen du bekatariak. Biblian Jainkoa errefusatzeak lekarkeen zigorra adierazten du infernuak. Apokalipsian bigarren heriotza gisa agertzen da; bekataria azken jujamenduaren ondotik penitentzia egin eta betiereko sugarretatik libra daiteke, bestela «deabruaren printzearekin» (Satanekin) geldituko da betiko behe aldeko «infernus» horretan.

Azken aldian, ordea, geure begiekin ikusi dugu infernua badela, ez lur azpian, lur gainean baizik, eta infernu hori, beste infernu askoren artean, Gaza deitzen dela. Jean Delumeau historiagileak «Beldurraren pastorala» deitu izan dio beldurrean eta bekatuan oinarritua den kristautasunari. Egun, Trump ahobero handi-mandi eta genozida bilakatu zaigu pastoral honen gidoilari berria, Gazan infernuko ateak zabalduko dituela mehatxu egin eta gero. Deabrua, bisera gorria jantzita, aspalditik dabil lur gaineko infernuan sugarrak hauspotzen.

Recherche