Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

«Rentrée» soziala

Hala egin da berriz ere Ipar Euskal Herrian. Jaka horiekin edo erretreten erreformen kontrako mobilizazio handiekin bezala, egun “Dena blokeatu” herri mobilizazioek bultzaturik «Milioiak ospitaleentzat, ez multinazionalentzat» pankartapean atera da jendea kalera irailaren 10etik goiti. Haserre soziala hor da, gaizki itzalitako su batetik garrak indartu egin dira Macronen eta bere politika austeriziden kontra. Lehen ministroak kopiatu-kolatuz aldatzen dituen bitartean, ardagaiak enborrari nola, botereari kosta ahala kosta eusten dio. Krisi sozialaz gain, gobernu krisi ere bilakatu zaio Eliseoko maizterrari. Are, Pierre Bordieuk esango lukeen legez, «ethos demokratikoa» edo demokrazia ulertzeko modua ere krisian dagoela esan daiteke.

Baina bost axola demokrazia. Bere ahotik fedea hedatzen da. Kapitalismoa edo demokrazia. Edo ni edo kaosa. Garbi da, bere diskurtsoa ez da besteena bezalakoa, berea «diskurtso azkarra» da. Jendea nazkatua da. Halako darwinismo morala predikatuz gazteak milioidun egiteko aukera ematen du kapitalismoak. Orain ulertzen duzue? Kapitalismoak dakarren bertutean sinisten du eta orain, antza, urtero 43.800 milioi euro aurreztu behar dira zor publikoa murrizteko. Gerrikoa estutu behar dela, alegia. Betikoek, erran nahi baita. Pentsioak izoztu, lanpostu publikoak murriztu, osasunera eta gizarte politiketara bideratutako gastua apaldu eta abar. Errezetak betikoak dira. Gerrarako hegazkin militar sofistikatu batek lau ospitale adina balio duela irakur zitekeen manifestari batek zeukan kartoizko afixan. Hots, bada nondik hasi.

Egoerak badauka Nancy Fraser filosofoak idatzitako liburutik. Kapitalismoa kanibalismoa dela dio. Okerrago oraindik, irrazionaltasunak gangrenaturik dagoela dio. Kapitalismoa eta demokrazia ez dira ongi ezkontzen. Syrizak Grezian bozkak irabazi ostean, garbi eman zuen epaia Europako Batzordeko presidentea izan zen Jean-Claude Junckerrek: «Ezin da hautu demokratikorik egin jada hitzartuta dauden itun europarren aurka». Voilà. 

Hil da demokrazia, gora demokrazia.

Recherche