Iñaki  Soto
Iñaki Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

«Kidea naizela, kaiku hori!»

Madrilen polizia infiltratuekin gertatutakoak garai bateko kontuak ekarri dizkit gogora. Ez garai hartakoak soilik, baita lubakiaren beste aldekoak ere, alegia, alde honetakoak.

Badaukat ezagun bat konpromiso politiko handia izan arren beldurti hutsa dena, batez ere Poliziaren aurrean. 90. hamarkadan, kale istiluak eguneroko ogia zirenean, bera autodefentsa praktikatzen zuten gazte horien kide zen eta, koherentziaz, istilu horietan parte hartzeko joera zuen. Esfortzu handia egiten zuen, bere beldurra gainditu eta lubakiaren alde horretan egoteko, harriak botatzen, edo laguntzen, edo sikiera ohiukatzen eta «bulto» egiten.

Egun batean, Donostian, "A las ocho en el Bule" liburuan azaltzen diren liskar horietako batean, kriston egurra zegoen Bretxa aldean. Ehundaka gazte zeuden kalearen alde batean eta dozenaka ertzain beste aldean. Nolanahi ere, Ertzaintzak ez zuen behar bezala neurtu istiluen dimentsioa eta poliziek atzera egin behar izan zuten. Nire laguna tartean zen eta, euforian, harri batzuk bota zituen, urrutitik bada ere.

Normaltasuna bueltatzen hasi zen eta, handik tarte batetara, taberna batean lagunekin zerbait hartzen zegoela, lagunak mutil bat ikusi zuen koadrilla baten erdian burua irekia zuela odolez, korrika. Inguruko baten batek azkar asko esan zuen «Zipaio madarikatuak, gaurkoan jaso bai baina beraiek ere gustura banatu dute!». Gazte koadrillako hartako batek buelta eman zuen eta haserre erantzun zion «bai zera, 'fuego amigo' izan da, gutako-koldar-subnormal batek atze-atzetik bota du harrikada eta zipaioei eman beharrean aurrean zegoen kideari eman dio!».

Jakina, lagunak ez daki «gutako-koldar-subnormala» bera izan ote zen, baina ordutik aurrera muga batetik behera (eta akaso muga batetik gora ere) adorea tentelkeriaren sinonimoa dela erabaki zuen eta beste lan batzutara dedikatu zen.

Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Babelgo dorreko plazan

Recherche