Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Ez dadila eten gaztetxeen loraldia

Igorreko Kiñu gaztetxeak duela 12 urte zabaldu zituen ateak, eta geroztik milaka izan dira bertatik pasa diren gazteak. Kiñuko asanbladaren aurrekaria den Lurrarinak gazte asanbladak gazteontzat espazio propio bat behar zela aldarrikatu zuen, eta, herrigintza prozesu luze baten ostean, diskoteka eta estudio zaharra izandako eraikin ospetsuan sartzeko pausoa eman zuten.

Okupatzera ausartu ziren gazte zoro haiei eta hurrengo urte luzeetan asanblada bizirik mantendu duten guztiei zor diegu gaztetxeko pareten barruan –eta horietatik kanpo– antolatu den guztia. Izan ere, dozenaka kontzertu –tartean Berri Txarrak-ena eta Izarorena–, ehundaka hitzaldi, tailer, antzerki eta bazkari egin dira bertan.

Hau guzti hau, gainera, olatuek etengabe proiektuaren aurka jo dutelarik. Izan ere, gaztetxeak 6 urte daramatza desalojo arriskuan. Sabadell bankuak espazio autogestionatuak itotzeko duen nahiak epaiketa eta prozesu judizial amaigabeak jasatera behartu du. Asteon asanbladak azaldu duenez, bankuaren eraikinen balioa 2.316.395.000 eurokoa da. Kiñuren merkatu balioa 220.000 euroan dago; hau da, guztizkoaren %0,009a da. Ez da diru gosea, espazio hauek beraientzat arriskutsuak direlako ari dira husten.

Bada azpimarragarria iruditzen zaidan zerbait, emozionatzen nauena, Kiñun antolatutako milaka ekintzek baino garrantzi handiagoa duela uste dudan zerbait: Pareta horien artean Arratiako gazte mugimenduko askotariko aldarrikapenek etxe bat aurkitu dute. Hamarnaka gaztek elkar ezagutu dute bertan, eta elkarrekin lanean aritu dira helburu handiak amestuz. Horrela, gazte feministek, independentistek, ikasle mugimenduak, aisialdi taldeak, talde transmaribibolloak zein euskara taldeetako kideek antolatzeko espazio bat izan dute.

Aldarrikapenen etxe hori bizirik mantendu nahi eta behar dugu. Horregatik, urtarrilaren 27an Durangoko epaitegietara gerturatuko gara, kolpez kolpe, Kiñu gaztetxea defendatzen jarraitzeko.
 

Recherche