Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Laugarren erailketa matxista

Lau bizitza eraman ditu indarkeria matxistak urte honetan Euskal Herrian. Azkena Arguedasen (Nafarroa), 44 urteko emakumea erail zuen gizon batek joan den asteburuan. Haserre gaude, eta, hala ere, entzun beharko dugu feminismoa urrunegi joan dela, emakumeok gehiegizko babesa jasotzen dugula, eta haserretuko gara are gehiago.

Berdintasun egoera batera iritsi gara, egungo gizonak jada ez dira matxistak eta feminismoaren aldarrikapen batzuek ez dute ez hanka ez buru. Hori esango digute, bederen. Tabernan, etxean edo sare sozialetan entzun eta irakurriko ditugu argudiook, gizonek errepikatuko dizkigute nagusiki, baina ez dira bakarrak izango. 

Indarkeria matxistaren eta balio patriarkalen gaitasunak gutxiesten dira, horien sakoneko ulermen falta dagoelako. Indarkeria matxistak hartzen dituen dimentsio guztien gaineko kontzientzia garatzea egiteko dagoen ariketa bat da gure gizartean. Eta oraindik ez da egin, besteak beste, gizonezkoek ez diotelako duen garrantzia eman nahi.

Generoaren araberako lan banaketa eta lanpostu feminizatuen prekaritatea, sozializazio patriarkala (gizonezkoa ez den subjektu ororenganako gutxiespena, mespretxua, sexualizazioa eta objektibizazioa) eta etxeko eta zaintza lanen banaketa familiarizatu eta feminizatua. Hori guztia gertatzen ari da, horrek guztiak erreproduzitzen du biolentzia ekonomiko eta soziala. Egituratzen du gure egunerokoa, sortzen ditu subjektibotasunak eta arrazionaltasunak. Eta horri aurre egitea ez den guztia biolentzia patriarkala erreproduzitzea izango da. 

Epelkeriak eta flexibilitateak ez digu lagunduko. Urgentziazko neurriak exijitu beharrean gaude. Gure bizitzak daude jokoan. Eta hori aldarrikatzen dugun bitartean, egoera iraultzeko Mugimendu Feministak mahaigaineratzen dituen proposamen estrategikoak –zaintza sistema publiko eta komunitarioa, kasu– seriotasunez hartzen ez badira, kaleak sutan jartzea betebeharra izango da.

Recherche