Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Maricarmen eta Die Linke

Europan ultraeskuina nagusitzen ari den momentuan, Die Linkek –sozialismo demokratikoaren aldeko Alemaniako ezkerreko alderdiak– ikaragarrizko jauzia egin du Berlinen, lehen indar gisa kokatu delarik pasatu berri diren lander-etako hauteskundeetan. Zohran Mamdaniren komunikazio aholkularien proposamenak segitu dituzte hauteskunde kanpainan zehar: ultraeskuinaren agendari kasu gutxi egin diote, jendearen beharrizanei loturiko proposamen zerrenda doitu baina potentzial handikoa aurkeztu dute, eta, batez ere, etxebizitzaren arazoan jarri dute begirada. Alokairua erregulatu eta atzerriko funtsen desjabetzean zentratu dira, higiezinen enpresei 220.000 etxebizitzaren jabetza kentzea izan delarik proposatutako neurri potente eta entzutetsuenetako bat.

Euskal Herrira etorrita, asteon, larriak diren eta etxebizitzaren arazoari lotuta dauden hainbat gertakari jazo dira: Gasteizen bi adingabe dituen familia bat kaleratu dute, Donostian 30 pertsonak aterpea topatu izan duten pabiloi bat hustu dute, Erandion 120 familia bota nahi dituztela salatzeko mobilizazioa egin da… Estatu espainolera begiratuz gero, Maricarmen 87 urteko emakumearen etxegabetzeak milaka pertsona hunkitu ditu, eta amorruz eztanda egin dute sare sozialek.

Horrek guztiak datu esanguratsu bat dakarkit burura: Hego Euskal Herriko gazteen artean batez besteko emantzipaziorako adina 29 eta 30 urte bitartean dago. Gazteok, batez beste, gure soldataren erdia baino gehiago uzten dugu etxebizitzan. Gero eta prekarioagoak gara, erosahalmena eta bizitza maila beherantz doaz etengabe, eta etxebizitzaren kostuek gora eta gora jarraitzen dute. Oinarrizko eskubidea izan beharko lukeen hori arazo larria bilakatu da. Irtenbideak behar ditugu, urgentzia bat da, eta horri bide emanez jendartean justizia nahia eta pasio eraldatzaileak hazteko gai izan beharko dugu. 

Recherche