Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Errua

Jakin bagenekien, eskura genituen arauak zorrotz beteta ere, ondoren, hirugarren eta laugarren olatuak genituela.

Neke pandemikoa gai tronkala bilakatzen ari da krisi honek denboran aurrera egin ahala. Sakoneko arrazoiak aski ezagunak badira ere denontzat, azaleko interpretazio sotilagoarekin, ahultasun psikologiko horrek herritarrek murrizketak betetzeko jokabidea lausotzea ekarri duen ustea ari da nagusitzen gure inkontzientzian. Horrek erruaren narratiba orokor bat elikatzen du, kutsatzeen hedapena azaltzen da eta erruaren errelatoa bolbora bezala zabaltzen hasten da. Politikariek erabiltzen duten hizkuntzan etengabe ikusi dugu, hedabideen ikuspegian ere zer esanik ez; fokua beti non ezartzen den ikusi besterik ez dago: kaleko edo etxeetako ospakizun jendetsuetan, gazteen botiloiak... Oro har, narratiba horrek azaltzen du pandemiak okerrera egin duela herritarrek arauak ez dituztelako betetzen. Datuek, ordea, erakutsi digute portaera-erregulazio zorrotzekiko atxikimendua oso altu mantentzen dela herritarren gehiengoan.

Herritarrek benetan egiten dutenaren eta gure ustez egiten dutenaren arteko pertzepzioa instrukziozkoa da, hau da, gertaeren eragina epaitzen dugu burura errazen datozkigun irudien arabera; araudi-urraketak atxikimendu-ekintzak baino gogoangarriagoak eta aipagarriagoak direlako. Ez dakit benetan konturatzen ari ote garen pertzepzio sesgatu hori etengabe ari garela garatzen eta nork bere burua betetzen duen profezia bihurtzeko arriskua duela.

Gabonetan eta Aste Santu aurreko mugikortasun arauekin gertatu bezala; aldez aurretik, jakin bagenekien, eskura genituen arauak zorrotz beteta ere, ondoren, hirugarren eta laugarren olatuak genituela. Beraz, norma orokor gisa, arauei jaramonik egingo ez dieten herritarrak beti egongo direla uste badugu, arauei ez ikusiarena egitera eraman gaitzake gu ere edo, are larriagoa dena, kutsatzeen zabalkundearen egiturazko arrazoiak ezkutatu eta pandemia kontrolatzeko hobekuntzak ezartzeko politikak hutsaren hurrengo izaten jarraitzea. Bereziki engainagarria eta bidegabea dena, ordea, herritarrei gauzak egiteko eskatu eta gero egin dutelako errua botatzea da.

Recherche