Estatuen esku-hartzeak ekonomian nolakoa izan behar duen eztabaidatzea historikoa da. Bestelakoa da ekonomiaren berreskuratzeak zeren/noren truke egin diren eta erritmoa azkarragoa edo geldoagoa izan ote den gogoetatzea; eta jakina, oraingo krisian, txertoaren ekoizpen eta kudeaketa eraginkorrak honetan guztian eragin zuzena du. Krisi guztietan bezala, estatuak ekonomian esku hartzea ukatzen dutenek haren inplikazioa nahi dute orain. Horregatik, gaur egun inoiz baino gehiago, funtsezkoa da erakunde publikoak ekonomian duen eginkizuna defendatzea; hau da, merkatuen gainetik herritarren interesak jartzen dituena, ekonomia soziala sustatzen duena eta inbertsio publikoa bermatzen duena. Interbentziorako tresna horien gaineko eztabaida piztu da azken asteotan, sindikalgintza, alderdi politiko eta azken hauek Madrilen duten rolaren gainean. “Next Generation EU Fund de von der Leyen” delakoak modu eraginkorrean kudeatzeak nabarmen lagun dezake susperraldia sustatzen. Aitzitik, erabilera okerrak egoera okertzen lagun dezake, egungo egoera ekonomikoari funts horien zati bat itzultzearekin lotutako finantza-karga gehitzen zaiolako. Beraz, hobe funts hauei jarraipen zehatza egitea horiek negoziatzeari uko egitea baino. Baina, hori hemen gertatzen ari zen bitartean, Europar Batasunak funts hauen gaineko erregelamendua garatu du. Europako Kontu Auzitegiak proiektuari buruz emandako 6/2020 irizpenak bultzatu du hau guztia eta ezin konta ahala erreferentzia egiten dizkio iruzurra, ustelkeria, interes-gatazkak edo finantzaketa bikoitza benetan prebenitzeko eta jazartzeko beharrari. Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduak arrisku horiek prebenitzeko sistema bat ezartzea eskatzen du. Sistema horrek finantza-kudeaketan, dirulaguntza publikoetan eta kontratazio publikoan eragiten du. Momentuz, Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuek ez diote batere arretarik jarri arazo horri eta askoz ere prosaikoagoak diren beste lehentasunetan aritu dira: baliabideak nola edo hala lortzea. Berreskuratze Plan bat aurkeztu eta iruzurra eraginkortasunez prebenitzeko neurri instituzional anbiziotsurik gabe, Europan jai dute.
Europaren lupa
Hobe funts hauei jarraipen zehatza egitea horiek negoziatzeari uko egitea baino.
