Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Gazteak jomugan

Onuragarriagoa litzateke kontzientziazio-politika bat, belaunaldien arteko itunean oinarritutako arrakala are gehiago ez irekitzea sustatzen duen eredu baten partaide egitea

Badira konfinamenduaren lehen fasea eta pandemia nahiko ondo gainditu dutenak, horretarako nahikoa baliabide izan dutenak: enplegu egonkorra eta espazio egokiak, arriskutik eta haren albo-ondorioetatik urrun geratu direnak. Eta bada gizartearen beste zati (gero eta) handi(ago) bat, oso kaltebera gelditu dena, eszena publikotik estali eta ikusezin bihurtu dena: adinekoak, emakumeak, langabeak, adingabeak, etab. Eta gero gazteak daude. Belaunaldi arteko lankidetzarako indargunetzat hartu ordez, gatazkarako esparrutzat hartzen ditugunak.

Memorian iltzatua geratu zaigun esaldia: «Immunitate-sentsazioa izan dezakete gaixotasun honek adinekoei gogorrago erasotzen dielako, baina zuek ere ez zaudete salbu». Halako adierazpenek uste baino inpaktu handiagoa dute, iritzi publikoak negatibotasunaren inguruan duen irudia hegemonikoa delako. Gero, gainera, galdetu beharko litzaieke nola erraztu diegun aisialdirako alternatiba, helduok dugun aisialdi ereduaren kopia bat direnean. Onuragarriagoa litzateke kontzientziazio-politika bat, belaunaldien arteko itunean oinarritutako arrakala are gehiago ez irekitzea sustatzen duen eredu baten partaide egitea. Etorkizunean herrialdeko arkitektura sozial eta politikoaren diseinuaren protagonista izango den kolektibotzat hartzea. Gazteek, 13-14 eta 20 urte arteko adinean, oraindik ez dute amaitu garun-mailako prestakuntza, ez dituzte estrategia emozionalak egungo pandemia-egoerari aurre egiteko. Aisialdirako espaziorik ez izateak eta emantzipatzeko mugak ere lotuta daude 25-35 urteko gazteek kalitatezko lanpostu baterako sarbidea izateko ezintasunekin. Goi mailako ikasketak izanagatik, hezkuntza sistema kredentzialistan eta meritokrazian oinarritutako lanerako hautaketa-prozesuekin jarraitzen baita hein batean, norbanakoen gaitasun eta konpetentzia irizpideak aintzat hartu ordez.

Eraikitze bidean dauden ikuspegi estrategiko gehienek 2030a jomuga dutenez, komeni da belaunaldi-talde bakoitzak eman dezakeenari errepasoa egitea. Horrelako belaunaldi bakar bat  ere ez baitago prestatuta aldaketa teknologiko bizkorrek nora garamatzaten eta horiek aurrean ditugun erronken ebazpenean nola txertatu ulertzeko.

Recherche