Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

Finlandia bai, Suedia ez

Turkiako Parlamentuak oneritzia eman eta gero, Finlandia eta herrialdeak Errusiarekin mugan dituen 1.300 kilometroak NATON sartuko dira.

Beti da albiste txarra erakunde militar oro handitzea, HDP alderdi kurduaren abstentzioak gogora ekarri duen bezala.

Recep Tayip Erdogan sultan neotomandarraren Turkiak, ordea, NATOren ateak itxiak mantentzen ditu Suediarentzat, iheslari kurduei babesa ematen dielako.

Ez da bakarra. Viktor Orban presidente pan-magiarraren alderdiak (Fidesz), Hungariako Parlamentuan gehiengo zabala duenak, Finlandiari baietz baina Suediari oraingoz itxaron egin beharko duela esan dio.

«Nagusitasun morala» eta «errespeto falta» leporatzen dio Budapestek Estokolmoko Gobernuari Orbanek bultzatzen dituen lege atzerakoiak salatzeagatik. Europako Batasunak ere jomugan dituen asmoak

Harritzekoa da bi herrialdeek Errusiaren mesedetan erakusten duten adostasuna, denboren gestio diplomatikoan ere. Geopolitikan garai berriak eta erabat korapilatsuak bizi ditugun seinale.
 
Dena den, harrigarriena zera da. Turkiari edonon, AEBetatik Errusiara, onartzen zaion txantaia egiteko ahalmena, gehienetan gainera kurduen bizkar gainean.

Zer esanik ez Hungariak –Polonia ahaztu gabe– Europako Batasunaren barnean egiten duen sator-lanari buruz.

Agian «NATO ez!» lelo historikoari eta urte honetan atxikitu zaion «Putinen Errusia ere ez!» aldarrikapenari beste bat gehitu beharko zitzaion: «Erdoganen Turkiari ez, Orbanen Hungariari ezta ere!»

Recherche